Koalizioaren izenean idatzi ohi dugu, EH Bilduren proiektu sozio-politikoa sostengatzen duen ororen izenean egin ohi dugu, askok diogun bezala gure herri-eredua aldarrikatzen duen edozeinen izenean mezuak zabaltzen ditugu. Eta oraingoan ere asmo horrekin gabiltzan arren, barkatu iezaguzue, iezadazue, mesedez; idazten ari denaren hitzek bizipenak eta oroitzapenak orriotara ekarri nahi dituzte-eta, Txorimalori zuzen-zuzenean gazte asanbladako kide ohi baten, eta aldi berean, talde oso baten zorionak helarazteko.
Hamar urte baino gehiago igaro dira jada, hamar urte Algortan arnasten zen okupazio mugimendu indartsuak Galea ondoko etxea okupatzera eraman gintuenetik. Okupazio eta desalojo sistematikoen gurpilean, nork esango ete zuen, azkenik, Getxoko etxe okupatuan ilusio zein mila proiektu (literalki ere) ereingo genituenik? Nork esango ete?
Udalaren eta Gazte Asanbladaren gerra iraunkorrean, hamaika mani, hamaika ekintza aldarrikatzailek Sastrakatik Txorimalora eraman gintuzten. Etengabe, lotu barik, Burdinolatik Maidaganera, eta Urgulleko Kultur Etxetik Mentxakabarrira heldu arte. “Arrue eres pesada, muy pesada” Udaletxean jarritako pankartarekin gogoratzen naiz, eta “Zarraoa itxi ahoa” lelo itsagarriarekin nola ahaztu! Makinatxo bat flash etortzen zaizkit burura; zaharregi izango bainintzan… bai zera!
Hamarkada batean gazte dinamika eta aukera ugari bultzatu dira bertatik, Algortako Gazte Asanbladaren babesleku izan den Txorimalotik; etxebizitza kanpaina, AHT-aren aurkako lana, PTP-aren kontrako borroka, ortu tailerra, kontserba tailerra, auzolanak, hitzaldiak, dokumentalak, antzerkiak, jai herrikoiak, irratsaioak, … hamar gehi bat eskaintza, hamar gehi bat borroka. Gazteok gazteontzako, herriarentzako sortutakoak, amesten genuen, amesten dugun, bestelako errealitatea egunero kaletik borrokatzen, gure akatsekin, gure garaipenekin. Irriz eta beste batzuetan negarrez, baina beti ukabila altxatuta. Okupazioa espazioaren jabe bihurtzeko eta proiektu horiek guztiak bideratu ahal izateko bidea zen, tresna ederra, eta hala baliatu genuen.
Askorentzat Txorimalo gure militantzia eskola, gure askegunea, gure eztabaidagunea, gure gozagunea izan da. Bai, borrokarako beste trena bat izatearekin batera, lagun onen topalekua izan da, batzuetan ere maitasun istorioen lekukoa. Bai, hori guztia izan da; izan zara, Txorimalo.
Eta horregatik eskerrak eman nahi dizkizuet, dizkizuegu, atzoko eta gaurko gazteei. Hori posible egin zuten norbanako guztiei, guzti-guztiei. Eta hamar urteren ostean, arnasa hartu, begiak zabaldu, eta gaurko gazteek erabaki beharko dute zer den eurentzat Txorimalo eta zer izan behar duen, edo zer ez duen izan behar. Zuoi dagokizue asmatzea, erratzea, eta erabakitzea. Beste inori ez, zuok baitzarete oraina eta geroa. Honakoa beste urteurren bat baino gehiago ei da; izan litekeena edo izango ez dena deliberatzea zuen esku baitago, bejondeizuela! Mila zorion, Txorimalo!
Getxoko EH Bildu taldea
Algortako Gazte Asanbladaren kide ohi batek idatzia