Auzokide batek baino gehiagok ustekabe, sumindura eta mespretxuarekin begiratu zituen sinboloak, jakin gabe zer egiten zuten gure herriko kaleetan. Argi geratu zen, 80 urte igarota ere, herritarrak atzo bezala, berdin-berdin sumintzen direla frankismoaren irudiarekin, eragindako erresumina, sufrimendua, heriotza, zapalkuntza presente dira hamarkaden ostean. Ez da gutxirako, oraindik ez duzunean eraildako arbasoen gorpua berreskuratu, eta gerra zibilaren galtzaileek, ez euren bilobok ez dugunean oraindik errelato ofízialean, merezitako espazioa eskuratu. Herritar batzuk ere azalpen argigarrien behar izan zuten; “Lasai ez da 80. urtemuga gogorazten ari, pelikula bat filmatzen ari dira, lasai”. Azalpenak emango zien kartelik inondik topatzen ez zutela, frankismoa euren sainetan sufritutako hainbatek. Atzo filmatutako sormen lanean erregimen faxista agerian geratuko den zalantzarik ez daukagu, egindako basakeriak, eraildako getxoztarrak oroituko dituela, hori baita egin dakiekeen omenaldirik onena, eurak oroitzea, ezagutzeko "una grande y libre" baten lelopean herri honetan egindako bidegabekeriak; herriak oraindik ahaztu ez dituena.