Gazte bozka: Zergatik EH Bildu?

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2016ko ira. 14a, 12:21

Badatoz hauteskundeak eta jende askok argi izango duen bitartean, beste zenbaitek zalantzak izango dituzte bozka erabakitzeko unean. Baina zerk bultzatzen du gazte bat EhBildu bozkatzera? Asko seguruenik sentimenduen bidez mugituko dira, beste batzuk bozeramaileek unean une egiten dituzten adierazpenengatik, eta beste hainbat proiektu politikoan sinesten dutelako. Zer eskaini diezaioke EhBilduk Euskal Herriko gazte bati? Zergatik eman beharko genioke gure bozka? Euskal herritar moduan hainbat eta hainbat dira eduki ditzakegun arrazoiak, baina gazteok kolektibo moduan pairatzen dugun problematikari dagozkion gai zehatzak ere badaude.

Klaudia De la Huerta Martin eta Ane Larrakoetxea Vivar

Politika Zientzian eta Lehen Hezkuntzan graduatuak

Gazte mugimenduko kideak

Badatoz hauteskundeak eta jende askok argi izango duen bitartean, beste zenbaitek zalantzak izango dituzte bozka erabakitzeko unean. Baina zerk bultzatzen du gazte bat EhBildu bozkatzera? Asko seguruenik sentimenduen bidez mugituko dira, beste batzuk bozeramaileek unean une egiten dituzten adierazpenengatik, eta beste hainbat proiektu politikoan sinesten dutelako.
Zer eskaini diezaioke EhBilduk Euskal Herriko gazte bati? Zergatik eman beharko genioke gure bozka? Euskal herritar moduan hainbat eta hainbat dira eduki ditzakegun arrazoiak, baina gazteok kolektibo moduan pairatzen dugun problematikari dagozkion gai zehatzak ere badaude.

Haurtzaro osoa eta gaztaroaren parte handi bat ematen dugu ikasten, pertsona moduan garatzen lagunduko gaituzten hezi guneetan, baloreak bereganatzen eta bizitzaren inguruan ikuspuntu bat sortzen. Baina zer nolako hezkuntza jaso dezakegu LOMCE edo Heziberri bezalako legeak aplikatuta? Indibidualismoa? Lehiakortasuna? Bikaintasuna? EhBilduk EZ esaten dio honi guztiari, Euskal Herrian sortuko den hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko asmoz, hezkuntza komunitate osoa parte izango den prozesu baten bidez; pentsamendu kritikoa eta elkarlana bezalako baloreak transmitituko dituen hezkuntza sistema bat garatuz. Publikotzat saltzen diguten Euskal Herriko Unibertsitatearen bidez ere, elitismo prozesu batera eraman nahi gaituzte, 3+2 bezalako planen bidez; graduak hiru urteko iraupena izatera pasatuko lirateke, bi urteko masterra egitera derrigortuz. Modu honetan enpresek esku hartze zuzena edukiko lukete unibertsitatean, gizartean dauden desoreka sozioekonomikoak areagotuz.

Eta hezkuntza prozesu luze horren ondoren lan mundura sartzeko ordua datorkigu. Baina… zein da bizi dugun errealitatea? Gutxi batzuk izango dira ikasketak bukatu eta lanean hasiko direnak. Eta edozein kasutan… zein baldintzatan? Gazte prekarioak gara lan egiten dugun hainbat eta hainbat esparrutan. Esplotatuak izaten gara, zilegitasun osoz 10 ordu lan egiteagatik 6 euro inguruko soldatak izaten ditugu kasu askotan, eta dena Euskal Herrian espainiar gobernuaren mesedetan aplikatzen diren lan erreformengatik. Hortaz, emantzipazioa ezinezkoa egiten zaigu, eta ez da etxebizitzarik ez dagoelako, asko baitira hutsik dauden etxeak. EhBilduren aldeko hautua erreza da esparru honetan, pertsona guztien duintasunaren izenean 35h/1200€-ko soldatak exijitzen dituelako, gazteon prekarietatearekin bukatzeko asmoz eta gazteok gure bizitza propioak eraiki ahal izateko.

Eta zer esanik ez emakumeoi dagokigunez; oraindik ere lanpostu berdinean gizonek baino soldata baxuagoak izaten jarraitzen dugu. EhBilduk pertsona guztien parekidetasuna bilatzen du, bizitzaren esparru guztietan, baita lan eremuan ere. Parekidetasuna eta baita eskubideen defentsa, horregatik, ozen esan zion ezetz abortuaren kontrako legeari eta horregatik proposatzen du abortatzeko euskal lege propioa. Mugimendu feministari atxikituta baina inolaz ere hau zapalduz, eraso sexisten aurrean erantzun irmoa eman izan duen koalizioa izan da. Eta argi eta garbi, konplexurik gabe “gora borroka feminista!” oihukatzen duen koalizioa da.

Atzerrira alde egiteko gonbitea egiten ez diguna da, hemen lan egin dezagun eta hemen bizi gaitezen nahi duena. Daukagun garrantzia soziala aitortzen diguna eta gure esfortzuak baloratzen dituena. Gazteontzako etorkizun duina izateko ateak ireki nahi dituena.
Asko eta anitzak izan daitezke EhBildu bozkatzera eraman gaitzaketen arrazoiak, dena dela, irria alboratzen ez duen koalizio bakarra da. EGIN HERRI, EGIN IRRI!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun