Ondo etorri, berriz ere, Benta!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2018ko mai. 11a, 13:48

Poza handia hartu genuen aurreko zapatuan BentaraNoa egitasmoaren aurkezpenean izan ginenean; bertan elkartearen osaketa eta hasi berri duten ekinbidea aurkeztu zuten elkarte berriko kideek.

Bai, poza handia da ikustea hainbat urtetan hutsik eta bizitza barik egon den eraikina, hemendik aurrera Getxoko auzoa, Andra Mariko auzoa, suspertuko duela; ideia berriez, gogoz eta ilusioz. Eta hori guztia, zalantzarik gabe, herritarrek egindako ekarpen eta prozesuari esker posible izango da.

Horrelako lorpenek zentzua ematen diote Getxoko EH Bilduko kideok egunero egiten dugun lanari; izan ere, 2016an EAJ-PSErekin erdietsitako akordioan barneratzea eskaria egin genuen. Bentako eraikinari bizitza emateko prozesua parte hartzailea egitea eta ondoren eraikinaren egokitzapena.

Getxoztarrontzako hain sinbolikoa eta historikoa den eraikinaren berreskurapena eta Getxoko auzoaren suspertzea da herritarrek merezi dutena, ez gutxiagorik. Gure historia ahaztu barik, gure auzoei, biziguneei bizitza emango dioten proiektuak indartu, babestu eta bultzatu behar ditugu. Hori da Udalak daukan zeregin garrantzitsuenetakoa, eta zalantza izpirik gabe, horiek izango direlako azken finean gure lanari zentzua, garrantzia emango dioten lorpenak. Segi gaitezen beraz, horrelako dinamika parte hartzaile, eraikitzaile eta biziak gure herri osotik hedatzen. Zorionak, zuei, BentaraNoako kideei eta noski, modu batean zein bestean parte hartu duzuen getxoztar guztiei!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun