- Akordioa ia osotasunean EAJren hauteskunde-programa da. Bertan agertzen diren proposamen gehienak EAJren programan agertzen ziren, hitzez hitz gainera: Aiboako geltokiaren inguruan espazio berde bat sortzea, herritarren harrerarako lehiatila bakarra sortzea… 15 puntu agertzen dira, eta 13 EAJren programak jasotzen zituen. Puntu bi PSEren ekarpen modura hartu ahal ditugu (Portu Zaharreko zelaiaren ingurukoa eta gizarte zerbitzukoen ingurua, baina orokorrak dira eta ez dute inolako zehaztasunik).
- PSEk, beraz, oso merke saldu ditu bere botoak, eta hauteskunde-kanpainan saldu zuen “ezkerreko begirada” ahaztu egin du, PNVren mesedetara ipini delako, eta bere proposamenei men egin dielako. Akordioan ikusi dugun bezala, PSEk PNVren proiektu guztiak babestuko ditu.
- Horrez gain, proiektuan agertzen diren proposamen gehienak martxan daude gaur egun, propaganda hutsa baino ez da: Muxikebarri, Punta Begoñako galeriak, Thinking Fadura prozesua…
- Akordioak arriskuan utzi du Romoko Nagusien Etxea. Hauteskunde-kanpainan PSEko hautagai Carmen Garciak behin eta berriro adierazi zuen Romoko Nagusien Etxea bere lehentasuna izango zela, ez zuela eraistearen alde egingo eta amaieraraino defendatuko zuela. Argi ikusi dugu bere hitzak jan dituela eta kanpainan agindutakoa arin ahaztu duela. Akordioan ez da esaten hitzez hitz eraikina mantenduko denik, edo bertako zuzendaritzarekin elkarrizketa bultzatuko denik. EAJk bere programan proposatzen zuena bakarrik agertzen da. Kasu honetan ere, beraz, PSEk EAJri men egin dio.
- EAJ eta PSEren arteko akordioan etxebizitza babestuez eta alokairu sozialaz berba egiten da. Ez da lehenengo aldia: aurreko urteetan ere EAJk eta PSEk alokairu soziala eta etxebizitza publikoa indartuko zutela esan dute, baina errealitatea gero oso bestelakoa da, etxebizitza libreak eta luxuzko etxebizitzak bultzatu dituztelako, gazteak herritik kanpora kondenatuz.