EH Bilduk proposatuko du alkate, bozeramaile eta aholkularien soldatak %20 jaistea

Erabiltzailearen aurpegia

Bihar Getxoko Udalak antolakuntzari dagokion osoko bilkura ospatuko du. Bertan adostuko da batzordeen osaketa, erakunde autonomoen ordezkaritza, soldatak eta dietak eta abar. Aste honetan bertan EAJk eta PSEk gobernu-akordioa egin dute, eta, beraz, gehiengo absolutua izango dute udalbatzean.

Gehiengo absolutu horren ondorioak lehenengo osoko bilkura honetan pairatuko dugu. Helarazi diguten proposamenean ikusi dugun bezala, EAJk eta PSEk inolako lotsarik gabe euren interesen alde egingo dute: soldatak handituz, aholkulari gehiago lortuz, dagokien ordezkaritza baino gehiago eskuratuz…

-          EAJk eta PSEk zinegotziak liberatzeko eta aholkulariak kontratatzeko irizpideak aldatu dituzte, EAJren eta batez ere PSEren mesederako (hemen ikusten da zein den benetan EAJ eta PSEren arteko akordioaren alde ezkutua). Alderdi biek zinegotzi gehiago liberatuko dituzte (hamar baino gehiago), PSEk aholkularia izango du… EH Bilduk aholkularien kopurua jaistea proposatuko du, Udalak teknikariak dituelako Udal Gobernuak bere eginkizuna gara dezan.

-          Ezkerreko oposizioari, ordea, zinegotzi liberatuak eta aholkulariak jaitsiko dizkio, gure lana oztopatzeko asmoz.

-          PNVk eta PSEk adostutako proposamenak ere alkate, zinegotzi, bozeramaile eta aholkularien soldatak igotzea proposatzen du, berez gehiegizkoak diren arren. Amaia Agirre alkatearen kasuan, soldata 83.033 eurotara igotzea proposatzen dute (6.900 euro hilabetean), hau da, 3.200 euro gehiago. Alderdi politikoen bozeramaileentzat, urteroko soldata 70.175 eurokoa izango da (5.874 euro hilean), hau da, 2.724 euro gehiago. Aholkulariek ere soldata handiagoa izango dute, 57.014 eurorekin (4.751 euro hilabetean), hots, 3.294 euro gehiago.  EH Bildutik honakoa proposatuko dugu: alkate, zinegotzi, bozeramaile eta aholkulari guztien soldata gutxienez %20 jaistea.

-          Erakundeetako ordezkaritzari dagokionez, proposamenak ere EAJ eta PSEri mesede egiten die. Batez ere salatzekoa da Bizkaiko Ur Patzuergoari dagokion ordezkaritza. Getxoko Udalak hiru ordezkari ditu bertan, eta hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuz, ordezkariak EAJko, PPko eta EH Bilduko ordezkariak izan beharko lirateke. Proposamenak, ordea, EH Bildu baztertzen du, EAJko, PPko eta PSEko ordezkari bana proposatzen baitu, EH Bilduk zinegotzi bat gehiago duen arren eta 1891 boto eskuratu genituen arren. Proposamena, beraz, antidemokratikoa da, eta ez ditu hauteskundeetako emaitzak errespetatzen.

-          EAJk eta PSEk, euren akordioan, “pertsonak erdigunean” ipini dituztela diote. Baina osoko bilkurak eta batzordeak antolatzerako orduan, ez dituzte herritarren beharrak kontuan hartu, bai bilkurak bai batzordeak goizez antolatzea proposatu dutelako.