EAJk, PPk eta PSEk alkate, zinegotzi eta aholkularien neurriz gabeko soldatak onartu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2019ko eka. 28a, 14:21

Getxoko osoko bilkurak alkate, zinegotzi eta aholkularien neurriz gabeko soldatak oanrtu ditu gaur, EAJ, PP eta PSEren aldeko botoekin. Zehazki, soldatak honakoak izango dira: alkatea (83.000 euro), alderdi politikoen bozeramaileak (70.000 euro) eta aholkulariak (57.000 euro). EH Bilduk proposatu du soldata guztiak gutxienez %20 jaistea, baina EAJk, PPk eta PSEk atzera bota dute.

Zinegotzien liberazioei dagokionez, EAJk, PPk eta PSEk euren liberazioen kopurua handitzea adostu dute, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemosen kalterako. Liberazioak honakoak izango dira:

-          EAJ (11 zinegotzi): 8 lanaldi osoan eta 2 lanaldi erdian.

-          PP (5 zinegotzi): 3 lanaldi osoan.

-          EH BILDU (4 zinegotzi): 1 lanaldi osoan.

-          PSE (3 zinegotzi): 1 lanaldi osoan eta beste bat lanaldi erdian.

-          PODEMOS (2 zinegotzi): 1 lanaldi erdian.

EH Bilduren arabera, eta hala adierazi du osoko bilkuran, EAJ eta PSEren helburu nagusia ezkerreko oposizioa kaltetu, liberazio gehiago euren intereserako lortu eta PPri mesede egitea izan da. EAJk eta PSEk dagokiena baino baliabide ekonomiko gehiago izango dituzte, hauteskundeetako emaitza kontuan hartuz. EH Bilduk eta Podemosek gutxiago izango dute (PSErekin alderatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko).

Harrigarria izan da PPrekin Udal Gobernuak izan duen jokabidea, euren botoak gehiengo absolutura heltzeko beharrezkoak ez diren arren. PPko ordezkariek ez dute hitza hartu gaur, oposizioko alderdi nagusia diren arren, eta Udal Gobernuaren proposamen guztien alde bozkatu dute. Badakigu zein den EAJ eta PSEren arteko akordioa, behintzat alde publikoa. Baina zein da EAJ eta PPren arteko ezkutuko akordioa? Zer lortuko du EAJk hiru liberazioko opari horren truke?

Bizkaiko Ur Patzuergoari dagokionez, bertan iruzurra gauzatu dute gaurkoan EAJk, PPk eta PSEk. Hiru ordezkari ditu bertan Getxoko Udalak, eta ordezkariak EAJ, PP eta PSEkoak izango dira, EH Bilduk PSEk baino zinegotzi bat gehiago eta 1800 boto gehiago eskuratu zituen arren. EH Bildurentzat, erabaki antidemokratikoa da, ez ditu hauteskunde emaitzak errespetatzen eta osoko bilkuran ezin izan dute justifikatu.

Azkenik, EH Bilduk proposatu du osoko bilkurak eta batzordeak arratsaldez izan daitezela, herritarrek bertara joateko aukera errazteko asmoz. Baina beste behin ere, EAJk, PPk eta PSEk aurka bozkatu dute. Herritarren parte-hartzeaz berba egiten dute, baina gero, erabakiak hartzerako orduan, argi dago zein den euren lehentasuna: auzokideei bizkarra ematea eta poltsikoak betetzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun