EAJk eta PSEk gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak kenduko dituztela salatu du Getxoko EH Bilduk. Getxoko Udal Gobernuak 2020. urteko aurrekontuekin lotutako proiektua aurkeztu du, eta, bertan, alokairuari aurre egiteko diru-saila ezabatzea erabaki dute, 250.000 euroko partida, hain zuzen ere.
Getxoko EH Bilduko bozeramaile Cristina Zamoraren hitzetan, "erabakia oso larria" da, kontuan hartuta Getxok Bizkaia osoko alokairurik altuenak dituela (800 euroko bataz bestekoa baino altuagoa). "EAJk eta PSEk Getxoko Udalean etxebizitzarekin lotutako diru-laguntza bakarra kenduko dute". Hori dela eta, EH Bilduk emendakina aurkeztuko die aurrekontuei gai honekin. Emendakinean diru-laguntza mantentzea eskatuko dute, eta bigarren linea bat ere irekitzea eskatuko dute, Getxok bizi duen exodoari aurre egiteko asmoz.
Gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak 2016. urtean sortu ziren, EH Bilduren ekimenez. Azken lau urteetan, 18 eta 35 urte arteko getxoztarrek diru-laguntza hau eskatu ahal izan dute, alokairuaren %50 finantzatu ahal izateko, gehienez. Udal aurrekontuak onartzekotan, diru-laguntza desagertuko da eta Udalak ez du inolako diru-laguntzarik eskainiko eremu honetan.
EH Bilduk gogor salatu du EAJ eta PSEren jarrera: "Erabaki hau EAJ eta PSEren gehiengo absolutuaren ondorioa da. Ez dute zalantza izpirik izan: horretarako aukera izan dutenean, murrizketak ezarri dituzte eta neurri sozialak ezabatzen hasi dira".
EH Bilduk gogoratu duenez, honakoa ez da koalizioak etxebizitzaren gaiarekin lotuta aurkeztu duen ekimen bakarra. Azken hilabeteetan etxebizitza hutsen OHZ igotzea proposatu da, etxebizitza sozialen kopurua handitzea hirigintza-planeamendu berrietan, eraikinen zaharberritzea bultzatzea, Guardia Zibilaren kuartela kendu eta bertako etxebizitza hutsetan etxebizitza sozialak eraikitzea, eta abar. EAJk eta PSEk proposamen guztien kontra bozkatu dute.
"Zer nolako alternatibak proposatzen dute EAJk eta PSEk, negozio eta espekulaziotik harago? Zer proposatzen diete gazteei etxebizitzaren prezioei aurre egiteko?". EH Bilduk etxebizitzaren arazoari konpontzeko plangintza integrala proposatzen jarraituko du, auzokideen beharrizanak kontuan hartuz: babestutako etxebizitzari erabateko lehentasuna emanez, alokairu soziala bultzatuz, etxebizitza hutsen merkatua mugituz, eraikuntza masiboari mugak ipiniz eta abar.