Koronabirusa Uribe Kostan

Koronabirusaren krisiari aurre egiteko proposamenak Getxon

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2020ko mar. 30a, 11:13

cc-by HIRUKA

Getxoko EH Bildutik hainbat proposamen egin dizkiogu Getxoko Gobernu-taldeari, denon artean eta elkarlanaren bidez krisi honi eta bere ondorioei aurre egiteko. Neurriak hainbat arlokoak dira: dendari txikiak laguntzeko, neurri sozialak, diru-laguntza ezberdinak, fiskalitatea, herri-lanak...

Ekonomiari laguntzeko neurriak

  1. 500.000 euroko laguntza-lerro bat ezartzea merkataritza-lokalen alokairuak ordaintzeko, horiek dekretuz itxi behar izan direnean.
  2. 100.000 euroko laguntza-lerro bat ezartzea alokairuaren kobrantza eteteko prest dauden lonjen eta merkataritza-lokalen jabe guztientzat, alarma-egoera aktibo dagoen bitartean.
  3. %100eko hobaria zaborraren eta estolderiaren tasetan, gobernuaren aginduz itxi behar izan duten negozio, saltoki, taberna eta autonomo guztiei, agindu horrek irauten duen bitartean. Jarduera bertan behera utzi duten guztientzat, jakina. (Eguneko hainbanaketa bilatu beharko da) (bilketan izango duen eragina 300.000 eurora mugatu).
  4. Kanpoko terraza eta erakusketarien kanona ordaintzetik salbuestea, bai ostalaritza-negozioei, bai moda-negozioei edo beste edozein motatako negozioei dagokienez. (Eragina bilketan 100.000 euro).
  5. OHZn %25eko hobaria, gobernuaren aginduz ixtera behartuta dauden negozio, saltoki, taberna eta autonomo guztiei. (Bilketaren eragina 500.000 eurora mugatzea).
  6. OHZn %50eko hobari gehigarria, Getxon kokatutako negozio, saltoki, taberna eta autonomoentzat, langilerik kaleratu ez badute. (zerga-bilketan izandako eragina 100.000 eurora mugatzea).
  7. %50eko hobaria ibilgailuen zergan, flota propioa duten negozio, saltoki, taberna eta autonomoentzat, enpresako ibilgailuei dagokienez. (furgonetak, taxiak...). (Zerga-bilketan izango duen eragina 100.000 eurora mugatzea).
  8. 1.000.000 euro gaitzea, kaleratzerik ez egiteko eta ERTE batera ez joateko konpromisoa hartzen duten saltokientzat laguntza bakar bat ezartzeko.
  9. Interesik gabeko maileguetarako edo hauen abaletarako 1.000.000 euroko laguntza-lerro bat gaitzea.

Enplegu publikoa eta azpikontratatutako langileak eta enpresak babesteko neurriak

  1. Ezinbestekoak ez diren kontratuak gauzatzeko epeak etetea alerta-egoerak irauten duen bitartean, Getxoko kontratuari lotutako langilerik ez kaleratzeko konpromisoarekin.
  2. Martxoaren 17ko 8/2020 Dekretua ahalik eta modu zabalenean aplikatzea eta erabat beharrezkoa ez den aire zabaleko obra oro (Makaletako etorbidea, aparkalekua...) etetea, baita Getxoren oinarrizko mantentze-lanak zein getxoztarren ongizaterako guztiz beharrezkoa ez den Udalaren mendeko jarduera ekonomiko oro ere.

Etxeko eta zaintzako langileei laguntzeko neurriak

  1. Etxeko eta zaintzako langileek euren egoeraren berri emateko telefono edo helbide elektroniko bat jartzea, eta galdetegi txiki baten ondoren, orokorrean aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izatea.
  2. Herritarrak kontzientziatzea guztiok ekarpenak egiteko beharraz, gure soldata jaisten ez bada etxeko langilearen soldatari eutsi ahal izango diogu.
  3. Etxeko langileen lanari balioa ematea eta herritarrei kontzientzia eta elkartasuna eskatzea.
  4. Etxeko eta zaintzako langileen artean norbera babesteko ekipamenduak banatzea.

*Udalak BFAri eskatu behar dio Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren 10. artikulua eta antzeko artikuluak beste zerga-arau batzuetan aktibatzeko, toki-eremuan hobariak aktibatu ahal izateko. Artikulu horrek, 6. puntuan, OHZren %100erainoko hobaria ahalbidetzen du katastrofe naturalen kasuetan, eta uste dugu egungo egoera halakotzat jo daitekeela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun