Getxoko sortzaileek bizi duten egoera ahal den neurrian arintzeko asmoz, Getxoko EH Bilduk proposamena aurkeztu dio Getxoko Udal Gobernuari. Proposamenak fase bi ditu: berrogeialdia indarrean dagoen bitartean, eta berrogeialdia amaitu eta gero.
Berrogeialdia irauten duen bitartean, kultur programazio online bat sortzeko eskaera egin diogu Getxoko Udalari. Kultur Etxeetan eta Muxikebarrin zuzeneko emanaldiak egin zitezkeen, Getxoko Udalaren kanaletatik. Ikuskizunak askotarikoak izan zitezkeen: bakarlarien kontzertuak, ipuin-kontalariak, bakarrizketak, masterclassak, bertso-saioak... Disziplina ezberdinetakoak kontuan hartuko lirateke eta euskarari lehentasuna emango litzaioke. Udalak deialdi publikoa egingo luke eta sortzaileek euren proposamenak bidali beharko lituzkete.
Proposamenaren bigarren zatia berrogeialdia amaitu eta gero amaituko litzateke. Herriko sortzaileekin programa berezi bat sortzea proposatu du EH Bilduk, hilabetetan zehar luzatuko litzatekeena. Izena ematen duten artista guztien artean poltsa amankomun bat sortuko litzateke.
Hau guztia finantzatzeko gutxienez 700.000 euro bideratzea proposatzen dugu.
Proposamen osoa irakurtzeko: https://labur.eus/getxokosortzaileak