Getxon bizikletei lehentasuna emateko proposamena

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2020ko api. 29a, 10:22

Osasun-krisiaren testuinguruan, Getxoko EH Bilduk proposamena aurkeztu du bizikleten erabilerari bultzada emateko.

Covid-19 birusak sortutako osasun-krisiak eragin zuzena izan du gizartearen arlo guztietan: ekonomia, kultura, harreman pertsonalak, hezkuntza... Mugikortasunean ere ondorioak izan ditu, eta hurrengo aste eta hilabeteetan herri barruko eta herri ezberdinen arteko mugikortasuna berpentsatu beharko dira, egoera berri honetara egokitzeko.

Nazioartean eta baita gurean ere, gero eta gehiago dira bizikletaren onurak azpimarratzen ari diren aditu, eragile eta herritarrak. Osasun-krisirik gabe ere, ez dago gogoratu beharrik bizikletak dituen onurak: kutsadurarik ez, osasunarentzat ona, espazio publikoaren okupazio baxua... Bada, osasun-krisian bizikletak izan ditzakeen onurak areagotu dira, pertsonen arteko distantzia sozialak errespetatzen laguntzen duelako, garraio publikoan ez bezala.

Hori dela eta, nazioartean hainbat dira bizikletari lehentasuna ematen hasi diren erakundeak. Hainbat adibide topatu ahal ditugu Getxo bezalako herrietan, eta baita herri handi edo txikiagoetan ere.

Izan ere, garraio publikoa erabiltzeko beldurrak eragin dezake auto pribatuen erabilera handitzea, kotxea gehiago erabiltzeko ohitura handituz. Bizikleta konponbide egokia izan daiteke herri barruko eta eskualdeko joan-etorrientzat batik bat.

Hori dela eta, Getxoko EH Bildutik proposamena aurkezten dugu Getxon bizikletaren erabilera bultzatzeko eta lehentasunezkoa bihurtzeko:

  • Getxoko Udalak adierazpen instituzionala egingo du, bizikleta lehentasunezko garraiobide izendatuz. Horregaz batera, komunikazio-kanpaina egingo du auzokideen artean, bizikletaren erabilera bultzatzeko asmoz (webgunea, Getxoberri, sare sozialak eta abar).
  • Getxoko Udaltzaingoari irizpide argiak emango zaizkio bizikletaren erabilerari trabarik ez ipintzeko eta malgutasunez jokatzeko. Beharrezkoa balitz, formakuntza-saioak eskainiko zaizkie.
  • Bizikletaz mugituko den udaltzainen zerbitzua sortzeko eta ezartzeko lehen azterketak hasiko dira egiten eta udaltzain eta sindikatuekin partekatuko da ekimena euren ekarpenak jasotzeko.
  • Bizikleten mailegu-zerbitzua martxan jarriko da berriro ere, garbiketa eta desinfekzio zerbitzuak bermatuz (desinfekzioa egunero egingo da).
  • Bizikleten maileguaren kontratua berrizten denean hau inguruko herriek duten zerbitzuarekin uztargarria izango da. Horretarako Udala berehala hasiko da udalerri horiekin harremanetan eredua adosteko.
  • Getxoko bidegorri-sarea aztertuko da. Bidegorrietan dauden trabak kenduko dira (edukiontziak eta abar); errepideetan bizikletei lehentasuna ematen dieten irudiak berriro margoztuko dira ezabatu diren lekuetan.
  • Herriko erdiguneetan bizikletari lehentasuna ematen zaizkion guneak izendatuko dira, eta hala margoztuko da errepideetan behin-behinean, besteak beste: Algortako etorbidea, Telletxe kalea, Salsidu kalea, Sarrikobaso kalea, Mesedeetako kalea, Areetako Kale Nagusia, Foruak kalea, Euskal Herria kalea...).
  • Gaur egungo aparkalekuen egoera aztertuko da, eta aparkaleku gehiago ezarriko dira txirrindularien joan-etorria handituko dela aurreikusten den lekuetan (komertzio guneak, hondartzak...).
  • Getxo Kirolaketik, herriko bizikleta-denda eta tailerrekin elkarlanean, doako formakuntza-saioak eskainiko ditu auzokideentzat, erabilera, segurtasuna eta mekanikari buruz.
  • Bizikletak garbitzeko makinak erosiko dira, eta herriko lau puntutan ipiniko dira. Makina hauekin auzokideek euren bizikletak garbitzeko aukera izango dute.
  • Adierazpen instituzionala, Getxo-Bilbo lotuko duen bidegorria lehentasunezko azpiegitura modura izendatzeko, eta eskaera formala Getxoko Udalaren izenean Portu Agintaritzari, Espainiako Gobernuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun