Trantsizio ekologikoa orain!

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2020ko eka. 5a, 09:40

Gaur, ekainak 5, Getxoko EH Bildutik Algortako Portu Zaharrean elkartu gara, gure eredu sozioekonomikoaren eredua aldatu eta trantsizio ekologikoa berehala martxan jartzea aldarrikatzeko.

Azken hilabeteotan osasun-krisi latza pairatzen ari gara mundu zabalean, eta baita Euskal Herrian ere. Osasun-krisi honek krisi ekonomikoa ere ekarriko du, eta bere ondorioak pairatzen hasi gara dagoeneko: langileen prekarietatea areagotu, enpresa txikiak itxi, kulturgintza ito, zaintzetako langileen baldintzak okertu... Ezinbestekoa izango da datozkigun eskubide murrizketa guztien aurka antolatzea eta borrokatzea.

Eta krisi horiekin lotuta, ate joka daukagu larrialdi klimatikoarekin lotutako krisialdia. Ezin dugu krisialdi ekonomikoari aurre egin, ingurumenarekin lotutako krisialdia kontuan hartu barik. Ezinbestekoa da gaur egungo eredu sozioekonomikoaren norabidea aldatzea eta bizitzak erdigunean ipintzea. Trantsizio ekologikoa martxan ipini behar dugu, neurri zehatz eta eraginkorrekin. Eta horrek eragina izan behar du arlo guztietan: mugikortasunean (bertan behera utzi Getxo eta Sestao arteko tunela bezalako proiektu txikitzaileak), turismo-ereduan (gurutzaontzi eta luxuzko itsasontzien eredua gainditu), kontsumoan (merkatalgune gehiago eraikitzeko baimenik ez ematea) eta abar. 

Norbanakoari zuzendutako iragarki kanpainak egokiak izan daitezke, baina gutxirako balio dute ez baldin badira gizarte mailako neurriak hartzen, lege berriak onartuz eta industriara zuzendutako neurriak adostuz.

Larrialdi klimatikoa aldarrikatzea ondo dago, baina atzetik neurri zehatzak behar dira urratsak eman ahal izateko. Gauza serioegia da argazki batera mugatzeko. Getxoko kasuan, udal gobernuari eskatzen diogu EH Bildurekin adostutako hitzarmena bete dezan eta Getxon organiko osoa jasoko duen konpost planta eraikitzen hasi dadila. 

Berrogeialdia gogorra izan da guztiontzat, baina badira zenbait neurri gure naturarentzat (eta ondorioz, herritarrentzat ere) onak izan direnak:

Autoak hirigunetik ateratzean aire kalitatea nabarmenki hobetu da eta asteburuetan errepideak moztuz oinezkoak eta bizikletak jarri ditugu herriaren erdigunean.

Gure inguruan ekoiztu eta kontsumitzearen garrantzia ikusi dugu ere, gure inguruko denda eta ekoizleak izan dira premiazko produktuez hornitu gaituztenak. Bitartean ikusi dugu zenbat arazo sortu diren kanpoan ekoiztu den premiazko materialarekin. Honek Getxoko enpresen bertokiratzea sustatzeko neurrien beharra azalerazten dute.

Sukaldaritzari ere garrantzia eman diogu itxialdi honetan, eta bertoko elikagaiak asko estimatu ditugu. Eta hauekiko dugun beharra ere nabaritu den honetan, ez litzateke premiazkoagoa Getxoko lurrak eraikuntza enpresen onurarako bideratzea baino, lur horiek udalarentzako berreskuratu eta elikagaiak ekoizteko berresleitzea?

Eredu sozioekonomikoa aldatu behar dugu, eta trantsizio ekologikoari bidea eman behar diogu!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun