Koronabirusa Uribe Kostan

Getxoko kultur sortzaileekin egitaraua sortzeko proposamena

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Getxo 2020ko eka. 18a, 12:50

Bizitzen ari garen osasun-krisiak oso ondorio larriak sortu ditu gure gizartearen arlo guztietan. Larriena, zalantzarik gabe, herritarren osasunarekin lotutako ondorioak dira, eta horrek izan behar du erakunde eta eragile sozialen lehentasuna: herritarren bizitzak babestea, elkarlan eta zaintzaren bidez.

Osasunean eragindako krisiaz gain, egoera berezi honek ere ondorio larriak sortu ditu gure herriko ekonomian: dendari txikiak, autonomoak, industria, zaintzetako langileak eta abar.

Eta baita kultur sortzaile eta artisten kasuan ere. Kultura da, zalantzarik gabe, krisi honek gogorren kolpatu duen sektoreetako bat: lau hilabetez ikuskizun guztiak bertan behera geratu dira, jaietako egitarauak bertan behera geratu dira... Eta horrek guztiak berez oso prekarizatua dagoen sektore batean prekarietatea handitzea ekar dezake.

Soinu, argiztapen, eszenografia eta bestelako teknikarien egoera ere nabarmendu nahi dugu. "Itzalean" lan egiten dute normalean, teloiaren bestaldean, eta orain ere "itzalean" geratzen ari dira, diru-laguntzetatik kanpo, online egitarau askotatik kanpo eta abar. Eurentzat ere, beharrezkoa da konponbide duinak bilatzea.

Diru-laguntzak onartzerako orduan ere, kultura bigarren mailakotzat jo da erakunde askotan, lehen mailako lehentasuna izango ez balitz bezala. Horren adibide dira Eusko Jaurlaritzatik onartu diren diru-laguntzak kulturgintzarentzat, zozketa bidez esleitzeko asmoa eta abar.

Hurrengo hilabeteetan, gainera, egoera orokorrak okerrera egin dezake, hainbat erakundek murrizketak egin ditzaketelako kulturaren arloan, azpiegitura faraonikoen eraikuntza bultzatzen jarraitzen duten bitartean.

Gure herriari dagokionez, orain arte antolatu diren ekimenez gain (Getxoko balkoiak, Getxoarteren "Artista bat auzoan"...) beharrezkoa da Getxoko artista eta kultur sortzaileei begira beren-beregi plangintza eta egitarau propio bat sortzea. Beste hainbat udalerrik eta eragilek formatua aldatu eta kultur jarduerak antolatzen hasi dira jada: streaming bidezko zuzeneko jarduerak aretoetan, ohiko kultur programazioa baina aforoa jaitsita eta abar,

Hori guztia kontuan hartuta, honako akordio-proposamena aurkezten diogu Getxoko Osoko Bilkurari:

  • Getxoko Kultur Etxeek, Muxikebarrik eta Musika Eskolak programazio berezia sortuko dute Getxon erroldatutako kultur sortzaileekin. Egitarau horrek diziplina ezberdinekin osatuko da: musika, dantza, antzerkia eta abar.
  • Egitarau hori, modu presentzial edo streaming bidez eskainiko da. Streaming bidez egitekotan, zuzenean grabatuko da udal areto batean. Horretarako beharrezkoak diren soinu, argi, eszenografia eta bestelako teknikariak kontratatuko dira.
  • Getxoko Udalak deialdi publikoa egingo du herrian erroldatuta dauden kultur sortzaile eta artistek euren proposamenak bidal dezaten.
  • Ekoizpen gastu guztiak Kultur Etxeak hartuko ditu bere gain. Artista bakoitzaren aurrekontua onartzeaz gain, sarreren bidez jasotakoa sortzaileei bideratuko zaie. Sortzaile bakoitzak ez du bere sarreren dirua eskuratuko: poltsa amankomun bat sortuko da sarreren diru guztia denon artean banatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun