Plaza hau da portu zaharreko auzokideen topaleku nagusia: bizilagunekin batzeko, euria egiten duenean bertan elkartzeko, jarduerak antolatzeko (Auzokidearen Eguneko bazkaria, Portu Zaharreko jaietako kartelaren aukeraketa eta abar). Sei hilabete hauetan, beraz, plaza horren erabilera publikoa ez da bermatu, eta auzokideek ezin izan dute erabili.
Ez dago gogoratu beharrik zein den Etxetxuaren balio historiko eta sinbolikoa: XVII. mendean sortutako eraikin honek arrantzaleen kofradia eta Getxoko udaletxea hartu zuen, besteak beste. Algortako portu zaharreko erreferente nagusia da zalantzarik gabe.
2016. urtean Etxetxua salgai egon zen, eta Getxoko Udalak aukera galdu zuen eraikina erosi eta babesteko. Geroztik, ikusi ahal izan dugun bezala, eraikinaren egoerak okerrera egin du, gaur egungo egoerara arte.
Ezinbestekoa da erakunde publikoek gure herriko nortasuna eta historia osatzen duen ondare historikoa babestea eta bere erabilera publikoa bermatzea. Are gehiago, gainera, ondare publiko hori arriskuan dagoenean, Etxetxuaren kasuan bezalaxe.
Gauzak horrela, eta bere egoera larria ikusirik, Getxoko EH Bilduk mozioa aurkeztuko du, honakoa proposatuz:
- Getxoko Udalak berehala eta era subsidiarioan eraikinaren osotasuna eta jendartearen segurtasuna bermatze aldera beharrezkoak diren konponketak egingo ditu.
- Getxoko Udalak eraikina bereganatzeko eta bere izaera publikoa bermatzeko beharrezko urratsak emango ditu.
- Getxoko Udalak eraikin horretarako erabilera publikoa bermatzen duen erabilera proiektua egingo du Portu Zaharreko auzokideekin elkarlanean.