Getxoko Udalak adierazpen instituzionala sinatu du gaur Unai Etxebarria futbol jokalari algortarrari babesa eta elkartasuna adierazteko, EH Bilduren proposamenez. Adierazpena sinatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. PSEk eta PPk ez dute testua babestu.
Adierazpenak jasotzen duen bezala, “ezin uler daiteke profesional bat, kasu honetan kirolaria, kaleratua izatea bere adierazpen askatasunerako eskubidearen erabilera egiteagatik”. Udalak “eskubide urraketa larritzat” jotzen du kaleratzea, “bai eskubide zibilen planoan, bai lan eskubideen planoan”. Izan ere, Unai Etxebarria kaleratua izan da Granada futbol taldetik, “Altsasukoak aske!” leloa zuen kamiseta janzteagatik.
EH Bilduk positiboki baloratu du gaur Getxoko bozeramaile batzordean lortutako akordioa. Abuztuaren 30ean egindako kontzentrazioan Getxoko auzokideek ere euren babes eta elkartasuna adierazi zioten Algortako futbol jokalariari, “Gu ere bai” plataformak egindako deiari erantzunez.