Asilo eskaera egitera aldameneko herrialdera errefuxiatu gehien nork bidaliko norgehiagokari ekin diote estatu kideek: Mugak isteko mehatxuak, errefuxiatuen 1350€-tik gorako ondasunak kentzeko Danimarkako legea, errefuxiatuentzako herrixkak sortzeko proposamenak, asilodunek familiak berrelkartzeko epeen luzapenak... Honi guztiari, euren buruak herritarren aurrean zuritzeko asmoz gobernu estatalek errefuxiatuak estigmatizatzeko egin dituzten saiakerak gehitu behar zaizkio, Koloniako sexu erasoetan, eta Pariseko atentatuan gertatu bezala.
Nahiz eta estatu kideek errefuxiatuei bizkarra eman, arazoak hor jarraituko du; eta arazoa, Batasun osoarena izango da, linbo juridikoan eta baldintza dohakabean izango baititu milaka pertsona. Horregatik, errefuxiatu estatusak onartzeko eskumenak Batasunak eduki beharko lituzke, 28 herrialde kideek finantzatutako errefuxiatuentzako politika batzuekin batera. Hori gertatu ezean, gizagabeziaz jokatzen jarraituko dute estatuek; errefuxiatuei sinatuta dituzten giza eskubideen prismatik so egin beharrean, ekonomiaren prismatik begiratuz eta laguntza behar duten pertsona eskubidedunak, zenbaki soil bezala ikusiz. Nik Europan daukat itxaropena, baina ez Europa honetan. Eskerrak gurean behintzat memoria daukagun eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua errefuxiatuak jasotzeko prest atera ziren!
(Hiruka-ren 48. zenbakian argitaratua)