Ginebratik idazten ari natzaizue; politikan gazteen parte-hartzea sustatzeko erronkaren inguruan NBEk antolatutako Human Rights, Democracy and Rule of Law forumean entzule gisa parte hartu eta gero. Datu bat aipatzearren: munduko parlamentuetan 30 urte azpiko ordezkariak %2 dira, 30 urtez azpikoak munduko populazioaren %50 baino gehiago garenean, harrigarria. Foruma oso lagungarria izan zait hainbat herrialdetako ordezkariek botatako esperientziak gure errealitatearekin konparatzeko: Oinarritik hasiz: hainbat herrik ez daukate demokraziarik. Aipatu behar da ere beste hainbat herrik ez daukatela kalitatezko hezkuntzarik, gazteriak gaitasun kritikoa garatu ezin duelarik. Beste batzuetan, parlamentari izateko adin minimo bat exijitzen da, bozkatzeko eskubidearen adinetik harago doana. Herrialderen batek, Gazte kontseiluak eskatu ditu gazteriak politikan gehiago parte hartzeko aukera izan dezan. Belgikako ordezkariak aipatu du parlamentuetarako zerrendetan gazteentzako kuotak ezartzen dituztela, edo Herbehereetakoak aipatu du Holandan gazteek euren ordezkaria bozkatzen dutela euren kezkak Gobernuari era zuzenean azaltzeko. Egia da gure parlamentuan gazteontzako kuota minimorik ez dugula, edo gazteok gure ordezkaririk aukeratzen ez dugula. Baina, bozkatzeaz gain: manifesta gaitezke, gizarte zibileko elkarteetan parte har dezakegu, alderdi politikoetan edo berauen gazterietan parte har dezakegu, hautetsiak izan gaitezke edo Euskadiko Gazteria Kontseiluan parte har dezakegu ere. Gazteok badugu politikan parte hartzeko hainbat era, beraz paso egiten duena gero ez daitela sofatik kexa. Gazte: Politikaz paso egin dezakezu, baina politikak ez du zutaz pasorik egingo. Zure esku dago.