Presoen aldeko manira joango zara”? Esan zidan lagun batek. “Buff… ba ez dakit” erantzun nion. Eta jarraian ohartu nintzen beste urte batez ez nintzela joango. Bai eta amorruz konturatu, baina ezin denean ezin da. Eta ez da ezintasun kontuagatik, baizik eta ezerosotasunagatik; lekuz kanpo sentitzeagatik alegia. Aurretiaz, bi manifestaziotan egona nintzen lagunekin, presoen ESKUBIDEEN aldeko “manian” eta bietan alde egin nuen ibilbidea amaitu aurretik. Asmo kontuagatik ez da izan beraz, edo etxeko sofaren erosotasunagatik, edo aldarrikapenen kontran nagoelako. Pankartak mezu bat darama: presoen eskubideak, giza eskubideak… Alde. Jendeak (eta ez hiruzpa lau, baizik eta JENDEAz ari naiz) beste bat: Amnistia, presoen ETXEratzea… eta ni? Aurka.Etorriko zaizkit interpretazio metaforikoak egiten dituzten olerkariak esaten ETXEratzea Euskal Herriratzea dela baina mezuak, geroz eta argiagoak, hobeak. Lehen presoen banderolan “Euskal Herrira” jartzen zuen eta abestu ere, Euskal Herrira abesten zuten manifetan. Aldaketa beraz, nahita eragindakoa da eta ez zoriz egindakoa. 2014ko manifestazio bateratuan itzuli nintzen berriro deialdira, eta haserre bueltatu. Une historikoaren mailara egon ez eta manifestazio “isila” ohiko manifestazio bihurtu zutenen erruz. Datorren urtean zer egingo dudan? Antolatzaileek benetako ahalegina egiten badute bestelako kontsignak egon ez daitezen, joan. Bestela, Etxean geratu. Eta ez naiz bakarra, asko dira nik bezala pentsatzen duten Euskal gazteak. Eusko Legebiltzarrean inoiz baino babes handiago daukan auziak, presoen Euskal herriratzearena, kalean betiko ohiartzuna izan du. Formetan desberdina den manifestazioa, betikoan bihurtzen dute edukian. Bakoitzak hausnartu dezala.
(Hiruka-ren 85. zenbakian argitaratua)