Casanovak esan duenez, Euskadin Giza Eskubideak urratzen dira oraindik eta beraz, ezin da bakeaz hitz egin. Ados nago neurri handi batean bere adierazpenekin, baita adibidetzat jarri dituen gertaeren zentzugabekeriekin, adibidez, Altsasuko gertaera terrorismo legearekin epaitzea. Adierazgarria iruditu zait ordea, elkarrizketa berdinean, Ernaik aurreko astean egindako erasoak (tartean Algortako Batzokiari egindakoa) zelan leundu dituen; komunikabideei ekintzari emandako trataera gehiegizkoa izan dela leporatzeaz gain, erasoak erasotzat kalifikatzea ere kritikatu egin die, ernairen ekintza ez kritikatzearekin batera. Nola esan dezake gizartearen sektore politiko bat ordezkatzen duen hautetsi batek, gizartearen beste sektore politiko bat ordezkatzen duen alderdi politiko baten egoitza batean margoa botatzea edota zaborra botatzea erasoa ez denik? Erasoa ez bada, zer da? Kalte materialak ez al ditu eragin? Akordio demokratiko bat kritikatzeko, politika eta elkarrizketa erabili beharrean, alderdi politiko baten egoitzan kalte materialak eragitea, ez al da demokraziaren aurkako eraso bat? Ez al du erasoak alderdiarekin identifikatzen garenon adierazpen askatasuna mugatu nahi? Ezker Abertzaleak oraindik bere gazteriaren DNAn txertatuta dituen eslogan “belikoak” (“zuek zarete erraustuko dugun hurrengo zaborra”, “zuen burua gure jopuntu”, “tiro al facha”…) eta zenbait ekintza ere kalifikatu beharko lituzke, izan ere, horrelakoengatik ere ez gaude normaltasun egoera batean legebiltzarkide jauna.
(Hiruka-ko 95.zenbakian argitaratua)