Berriro ere dantza tradizionalari tokia murriztuz

Ziur egun hauetan sarean bolo-bolo ibili den bideoa ikusi egin duzuela: FITUR turismo azokan, Euskadi-Basque Country stand-ean eta Xabi Solanoren biribilketapean 3 dantzari, praka eta jaka zuriz Backstreet Boys antzean jantzita, eta ballet kutsuarekin tente-tente dantzan. Ez naiz gustuaz arituko, hori norberaren baitan baitoa, baina uste dut lekuz kanpo dagoen ikuskizun bat dela horrelako stand baterako.

Duela mendeetatik ditugun dantza asko ez dira gizartean ondo ezagutzen eta horietako asko (edo gehienak) bideokoa baino ikusgarriagoak dira, nire ustez. Turismo azoka batean Euskadiren erakargarritasun fisikoa erakutsi nahi badugu (mendiak, hondartzak, eraikinak…) bere arima (jaiak, dantzak gastronomia, euskera…) bilgarria izan behar dutela uste dut.

Azokan, herrialde modernoa garela erakusteaz aparte, gure herrialdea desberdindu behar dugu gure singulartasunak erakutsiz eta dantza tradizionalek identifikatzen gaituzte; ez musikan edo urratsetan soilik, baita gorputzaren jarreran, keinuetan, jantzietan… Norbaitek esango dit gastronomian ez dagoela eztabaidarik eta gure Michelin izardun sukaldari modernoak ere izaten direla horrelako azoketan, bai; baina euren jatetxeak berariaz, mundu mailan helmuga turistikoak direlako, horrelako dantza modernoak ez.

Azokan koreografia honi urrunetik begira ari den batentzat, ez du gure Herria identifikatzen. Dantza honetan, Zuberoako maskaradetako urrats bat, Galiziako Muñeiren urrats bategatik aldatuta, Galiziako standean lekua izango luke ere. Eta Galizian ere badakite Backstreet Boysez janzten, baina ez dut uste identifikatuta sentituko liratekeenik.

Beraz, gure dantza tradizionalak ikusgarriagoak badira, gehiago bereizten bagaituzte eta gure izaera hobeto adierazten badute, zergatik tematzen dira gure instituzioak mota hauetako koreografiak kontratatzen horrelakoetan?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun