Kaixo lagun guztiok, gu gara…hauteskundeak. Txistulariek “gora ta gora” ederki jo zuten eta Ortuzar kriston mitina botatzen hasi zen Alderdi Egunean: “euskal haserrealdiaren aurrean, euskal bozka”. Ni, euskal bozka erabiliko duen euskal haserrealdiaren parte naiz. Bai, aitortzen dut gogaituta naukala Espainiar politikak (orainarte gogaituta ez banindu bezala), zirkoa da eta egunero dena okerrago-ra doa gainera. Gaur egun Espainiako politikan ideien lekuan, burutazioak daude eta ez dago diskurtsurik, esloganak baizik (edo twitak kasurik onenean). Gutaz dabiltz barrezka hizketan. Espainiako ezkerreko blokearen erruz hauteskundeak errepikatuko direla iragarri zenetik (munduan ez da kokolorik, ez zeruan ere, eurek bezain gaizki eginen luketenik) askotarikoak izan dira entzuten hasi naizen burutazioak, baina zelako kasualitatea, burutazio guzti horiek alderdi espainiarren mesedetan direla:
“Bozkatzera ez joatea merezi dute”: Ez dakit merezi duten baina guk ziur ez dugula merezi bozkatzera ez joatea. Zin dagizuet gu bozkatzera ez bagoaz, ez doala inor gure ordez. Bozkatzera ez joatea, krisi hau probokatu dutenen mesedetan litzake. Herri bezala, gu ixiltzeko mediorik ez du inork asamatu, beraz, ezin gara etxean geratu.
Beste burutazio bat: “Gastu handia da, ez dut uste etxeetara publizitatea bidali beharko luketenik”. Ez dut uste. Gastu handia, hauteskundeak zentzugabe errepikatzea da, baina bi sasipolitikariren erruz hauteskundeak errepikatu behar badira… Ziur nago gainera biek onartuko luketela gastu elektoralaren gai honekin demagogia egitea, azken finean, ohiturazko telebista eta irratietan uneoro darabiltzate PSOE eta UP ahotan. Zelan sar daitezke beste alderdiak gure etxeetan gutunen bitartez ez bada?
Badago politika serio hartu eta gurea defendatzera dijoana, horregatik, Madrilen kaña ematen duen batzokiko rock and rollarekin geratuko naiz. Eta ez, ez nago drogatuegi, aurreko asteazkeneko Hertzainaken kontzertu bikainari bueltak ematen nagoela da, besterik ez. Politikara itzuliz: hau dena aldatu nahi nuke. Aurrera Aitor Esteban eta aupa Hertzainak!