Telebistako albistegietan euren protagonismoa izango dute han-hemengo inhauteriek, baina ez politika arloan euren mezuak txertatzen hasi diren lehendakarigaiek bezain beste. Erne hautagai batzuekin! Kudeatzaile onaz mozorrotuta ekin diote kanpainari, bete ezingo dutena eskainiz. Joseba Diez EAJko Arabako hautagaiari entzun nion: «Ezer betetzeko asmorik ez dutenek dute dena posible dela esateko atrebentzia», halaxe ibiltzen dira ezker zein eskubiko populistak. Batzuk, gainera, inongo kudeaketa-esperientziarik gabe! Inhauterien biharamunean ohikoa da lagunak bildu eta, algara artean, mozorroa komentatzea, elkarri ziria sartzea... aurreko egunak emandakoaren ajea soinean. Inhauterien ostean, zenbait politikari populistek ez dute mozorroa erantziko, zoritxarrez. Danon lana da, beraz, gaur mozorroturik dabiltzanak identifikatu eta diotena kontrastatzea. Hala, etzidamu, hauteskundeen biharamunean, ez digute ziria sartuko ezinezkoa dena agindu digutela sinetsita, eta lau urtez damututa ajea igaro ordez, barre egingo dugu: inhauterietako biharamunean bezala.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.