“Ikasle Abertzaleak” antolakundetik ikasle greba deitu dugu urriaren 27rako

Erabiltzailearen aurpegia Ikasle Abertzaleak 2022ko urr. 17a, 17:05

IA antolakundetik urriaren 27an greba egitera deitu ditugu Hego Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, EAEko hezkuntza-lege berriak salatu eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntza-eredu bat aldarrikatzeko.

Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu; zentzu horretan ulertu behar dira heldu berri diren hezkuntza-erreformak: etorkizuneko langile produktiboak ekoiztera bideratuta daude, merkatuak beharrezkoa duen lan-indarra bermatzeko.

EAEko hezkuntza-lege berriari dagokionez, segregazioan sakontzen du (ikasleriaren langile-klaseko kapa zabal bat hezkuntza-prozesutik kanporatuz) eta modu inposatzailean aplikatu izan da (ikasleriak ez baitu inolako berririk izan neurri hauen inguruan). Halaber, formakuntzaren debaluazioa areagotzen du, eta horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira.

Azkenik, aipatu behar da erabaki hauek agente pribilegiatu batzuk zuzentzen dituztela, hala nola sindikatuek eta alderdi politikoek. Gainera, enpresa handi eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dituzte. EAEn, politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aldaketa hauek inposatzeko. Aldiz, hezkuntza-komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk guztiz baztertuta gelditu dira.

Aurreko guztia kontuan hartuta, greba egiteaz gain, mobilizazioak deitu ditugu Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako hiriburuetan, “Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu” lemapean. Bilbori dagokionez, 12:00etan abiatuko da manifestazioa Eliptika Plazatik. Zentzu horretan, Uribe Kostako Bigarren Hezkuntzako ikasleak ere grebara etortzera animatzen ditugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun