Hasiera batean, boulderrean bakarrik egoten nintzen eskaladaren mundua pixkanaka ezagutzen. Denbora aurrera joan ahala, klubeko beste lagun batzuk ezagutu nituen eta horiekin batera mendia eta eskalada ezagutu nituen, Sakonetatik kanpo. Gutxi axola du lagun bakoitzaren adinak edo mailak, egun horretan bertan ezagutu izana edo hainbat urtez lagun izatea, denok elkarren artean gozatzen baitugu.
Giro hori ikusita, berehala konturatu nintzen mendia nire bizitzaren zatitxo bat bihurtu zela. Konturatu nintzen LMT-ak hainbat baliabide zituela nire interesa are gehiago pizteko: mendi irteerak, eskalada topaketak, materialaren alokairua, liburuak, solasaldiak…
Sartu berria naiz batzordean, baina lehenengo egunetik ikusi nuen ni baino ibilbide luzeagokoak diren kideak hasierako grina eta gogoa mantentzen dutela. Espero dut klubaren izaerak horrela jarraitzea urte askoan, orain gaudenekin eta etorriko direnekin.
Eskerrik asko LMT. Jarraitu pertsona gehiagori mendia maitatzeko aukera ematen.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.