Mecaner enpresaren, bertako langileen eta eskualdearen etorkizuna defendatzeko, Enpresa batzordearen gehiengoa, erakunde ekologistak, Urduliz, Sopela, Lemoiz Gatika edota Plentziako alkateak eta udal zein mankomunitateko ordezkariak, akademia mundukoak eta Uribe Kostako bizilagunak bat eginda mobilizatu gara, grebak babestu ditugu, babes-manifestuak bultzatu ditugu eta trantsizio ekosozialeko plan bat defendatu dugu alternatiba eskaini eta borrokarako tresna gisa.
Stellantis multinazionalak Mecaner itxi du. Eusko Jaurlaritzak, beti bezala, beste alde batera begiratu du. Lan-legediak horretarako aukera eman du. Baina hilabete hauetan sortutako baldintza eta aliantzek borrokarekin jarraitzeko eta fabrikari bigarren bizitza bat emango dion proposamen bat defendatzeko aukera ematen digute. Ez gaude prest aukera hau galtzeko.
Behin eta berriz errepikatu dugu. Errealitatea da Mecaner bideragarria zela eta dela. Egia da, automobilgintzaren sektorea eraldatzen ari dela krisi ekologikoak eraginda eta honek eragindako trantsizio integratu baten beharra agerikoa dela. Egoera aprobetxatu behar dugu, hemen eta orain, trantsizio ekologiko eta sozialki justua bultzatzeko.Proposamen hau babesten dugunok Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko, hiru zutabetan oinarritzen den prozesu bat bermatu beharko litzatekeela defendatzen dugu.Lehenengoa, instalazioen jabetza.
Aldi baterako erosketa publikoa aldarrikatzen dugu, gauzatu nahi duten desmantelamedua eta etekin ekonomikoa lehenesten duten proiektu pribatuak sartzea saihestuko duena eta eraldaketa ekologikoki iraunkorra, kalitatezko enpleguekin eta etorkizuneko erronkei erantzuteko aukera ziurtatuko duena. Bigarrenik, proiektuaren izaera industriala. Mecaner industriaren nahitaezko eraldaketa ekosozialean erreferente izatea nahi dugu. Gure ustez, gaur egun, oro har, instalazio horietan industria ekoizpen bat mantendu behar da, orain produktu eta fabrikazio-prozesu jasangarri batera bideratua. Hirugarren irizpideak moduari erantzuten dio.
Helburu horiek bermatzeko, prozesu parte-hartzaile bat bultzatu nahi dugu, langileek, sindikatuek, erakundeek, akademiak eta gizarte mugimenduek proposatzeko eta erabakitzeko aukera izan dezaten. Multinazionalak, fabrika edonori eta pusketan saltzea eragotzi behar dugu. Guk jabetza eta etorkizuneko proiektu industriala eskualdearen eta lurraldearen behar sozialei eta eraldaketei lotu behar zaizkiela defendatzen dugu. Halaber, kalitatezko enpleguaren sorrera eta edozein proiektu berrian langile ohiak lehentasunez aintzat hartu behar direla deritzogu.
Ekimen hau babesten dugunok enpresa multinazionalarekin harremanetan jarriko gara, Eusko Jaurlaritzarekin eta behar denarekin hitz egingo dugu, akordio bat lortzeko: prozesu parte-hartzailea, jabetza publikoa eta trantsizio ekosoziala. Mecaner eta gure eskualdearentzat etorkizun duina lortzeko konpromisoa duten pertsona eta gizarte eragile guztiak gonbidatzen ditugu, dagoeneko ibiltzen hasi garen bidearekin bat egin dezaten. Mecaner ez dago salgai. Mecaner herriarentzat!
Sinatzaileak:
Unai Mirasolain, Juan francisco Gomez eta Pedro Gutierrez; Mecanerreko LABeko delegatuak
Aser Ignacio Nuñez; Sendoa Calleja; Juanma Cruz; ESK-ko Mecanerreko delegatuak,
Itziar Iratzagorria, Aitor Garagarza, Guruzne carrasson eta Jesus Mari Arizmendi; Urduliz, Plentzia, Sopela eta Lemoizko alkateak
Ana Parallé, Aitor Gallastegi, Aritz Landeta eta Alaitz Ajuriagerra; Jauzi ekosoziala
Lorea Flores Compains, Pablo Aretxabala Pellón, Amaia Gonzalez Garrido eta Francisco del Pozo Campos Greenpeace
Ritxi Hernandez Abaitua eta Alfonso Caño; Gune ekosozialista
Ugo Maior Martinez (UPV/EHUko ikerlaria), Iñaki Barcena Hinojal (UPV/EHUko irakaslea)
Ramon Prestamero, Aitor Tapia eta Emaitz Anton Urdulizko herritarrak
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.