Salbuespen neurririk ez!

Erabiltzailearen aurpegia Euskal preso politikoak 2024ko eka. 25a, 10:41

Eusko Jaurlaritzaren menpean dauden kartzeletan euskal preso politikook gure senide eta lagunekiko komunikazioari dagokion arloan asko galdu dugu. Hilabeteroko aurrez-aurrekoen kopurua txikiagoa da eta iraupenez laburragoak dira. Beraz, hurbilago badauzkagu ere, denbora gutxiago ematen dugu gertukoekin.

Bistakoa da preso ororentzat bere ingurukoekin harremana mantentzea eta gozatzea garrantzitsua dela, oinarrizko eskubidea delako. Are gehiago preso politikoon kasuan, Herriarekiko daukagun konpromisoari bizirik eusteko ezinbestekoa baita lotura hori.

Gure etxeko eta lagunek ez digute sekula huts egin, eta hamarkadetan zehar indarrean egondako sakabanaketari aurre eginez, kontaezinak diren kilometroak eginez, ekonomikoki eta fisikoki latz ordainduz. Ezin ahaztu errepide horietan bizitza utzitako 16 lagun eta senide, beti hor, gure ondoan egon dira. 

Sakabanaketaren helburuak ez zituzten bete, Herriarekiko lotura ez da inoiz eten, elkartasuna eta kemena astebururo heldu zitzaigun preso gintuzten tokietara, gaur egun gertatzen den bezalaxe.

Baina, egun, Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletan gauzkatelarik, beste tresna bat sortu dute lotura hori apurtu nahian: Salbuespeneko-neurria. 

Dozenaka dira gurekin komunikatzeko debekua ezarri dieten lagunak. Azken hilabeteetan neurri bidegabe hau pairatu ostean eta, besteak beste, judizialki helegiteak bideratu eta gero, ondorio honetara heldu gara: Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda-beltz batez baliatuz lagun ugariri debekatzen diote kartzelara sartzea, izan gurekin komunikatzera, izan bertan antolatzen diren kirol nahiz kultur ekitaldietan parte hartzera.

Salbuespen-neurri hau, sektore iraultzaileetakoa izatea leporatuz eta haientzat deseroso diren edo haiek etsaitzat hartzen dituzten lagunei ezarri diote. Hau argi eta garbi ikus daiteke, adibidez, Auzitegi Nazionaletik gure helegiteei emandako erantzunetan konpromiso militantea edukitzeak apartheid bat pairatzea dakarrela.

Idazki hau sinatzen dugunok egoera latz hau jakinarazi nahi diogu Herriari, salbuespen-neurri hau salatuz eta ozen esanez sakabanaketarekin lortu ez zutena ez dutela honekin ere lortuko. Herriaren maitasunak eta indarrak gure bizigai izaten jarraituko dute. Oraingoan ere denok batera egingo diegu aurre eraso hauei.

Errepresiorik ez!

Salbuespen neurririk ez!

Sinatzaileak:

Julen Atxurra Egurrola, Oskar Barreras Díaz, Aitor Cotano Sinde, Orkatz Gallastegi Sodipe, Xabier García Gaztelu, Fernando García Jodra, Beatriz Etxebarria Caballero, J.M. Etxeberria Garaikoetxea, Garikoitz Etxeberria Goikoetxea, Daniel Pastor Alonso, Jon Kepa Preciado Izarra, Patxi Ruiz Romero, Jon Mirena Sampedro Blanco eta Mikel Sansebastian Gaztelumendi.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun