Etxebizitza Legea: kapitalista handien negozioa

Erabiltzailearen aurpegia Etxebizitza Sindikatua Uribe Kosta 2026ko urtarrilaren 26a

2025ko amaieran, PSE-EE eta EAJ-k bultzatutako Etxebizitza Legearen erreforma aurkeztu zen EAE-n. Lege honek, eskaintza faltan identifikatzen du etxebizitzaren problematikaren gakoa; eta eskaintza faltaren arrazoia, eraikuntzaren sektorearen errentagarritasun faltari egozten zaio. Problematikari erantzuteko, beraz, bertoko kapitalarentzat baldintza mesedegarriagoetan garatuko den eraikuntza ziklo berri bati ekin nahi zaio, horretarako erraztasunak jarriz. Premisa hauen faltsutasuna eta haien eragin kaltegarriak azaleratzen saiatuko gara.

Gobernuko sailburuak berak aitortu bezala, sektoreko kapital handien bitartekaritzarekin eginiko legea da hau, sustatzaile handien presiopean, eta haien neurrira ernatu dena. Praktikan, beste neurri batzuen artean, babes sozialeko etxebizitzen eraikuntzaren kantitate erlatiboaren murrizketa ahalbidetzen dute eta eraikuntzen ingurumen inpaktua aztertzen duten tramiteak arintzen dituzte. Aldi berean, langile klasea eta sektore pobretuenak erasotzen ditu, DBE, larrialdietarako dirulaguntzetako eta Gizarte Zerbitzuetako murrizketak indartzen baitira. Zaharrak berri.

Are gehiago, lege honen izaera justifikatzen duen oinarrizko premisa bera faltsua da: egun, higiezinen merkatuaren errentagarritasuna %15koa da, beste sektoreetan baino nabarmen altuagoa. Gainera, eraikuntza ziklo berri honi lotuta, % 25ean igo dira sustatzaile handien sarrerak 2024ean. Jakina da Amenabarren filialek abian dituztela hainbat eraikuntza-proiektu Uribe Kostan, eta ezagunak dira ere enpresa handi honek bertoko politika instituzionalarekin dituen harreman mesedegarriak: Berangoko Udalarekin izandako elkartruke irregularrak kasu. Euskal kapitalaren seme kuttun honek, gure politikariek eraikitako baldintza ezin hobeak tarteko, 800 milioi eurotik gora fakturatu zituen iazko urtean, eta 880 milioi euro fakturatzea espero dute aurtengo urte itxierarako.

Uribe Kostari dagokionez eraikuntza enpresek bapo bete dituzte poltsikoak, erakundeetatik sortutako lege marko mesedegarria probestuz: prezio eskuraezinetan saltzen diren etxebizitza babestuak; luxuzko urbanizazioak Larrabasterrako zoroetan; turismoari eta bigarren etxebizitzen eskaerari erantzuteko puntako etxebizitzak Plentzia eta Gorlizen; interes ekologiko zein historiko bereziko eremuetan eraikitzeko planak Getxon… Lamiakon, adibidez, 1.200 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, gehienak kontsumo eta erosketa ahalmen altua daukaten sektoreei bideratuta. Hori aurrera eramateko asmoa dago, bizilagunen kezkak eta kexak, ingurumen inpaktua edo inguruko bizi-kalitatean, azpiegituran eta zerbitzuetan izango duen eragina alde batera utziz. Sopelan, azkenengo 10-15 urteetan eraikitako etxebizitzen gehiengoa Larrabasterra inguruan eraikitako txaletak dira, jadanik herriko azalera bezain handia den eremua okupatuz. Jakina, horrek ingurune naturala suntsitu du, eta herria are garestiagoa egin du.

Gainera, gure kasuan, datuek ez dute hobekuntzarik islatzen eraikuntza-ziklo horren ondorioz. Adibidez, eskualdeko bataz besteko alokairua 800 eta 1000 euro artekoa da, lanbide arteko gutxieneko soldataren 80 %-90 % izanik. Eraikuntza ziklo hauek, eta Etxebizitza Lege hau, higiezinen enpresen eta haiekin kolaboratzen duten politikarien etekinen mesedetara egiten dira. Uribe Kostan, "lankidetza publiko pribatu" ezagunaren adibide asko ditugu:

Getxon, Udaletxeak 730 000 euro aurrezarazi dizkio luxuzko etxebizitzak eraiki behar zituen sustatzaile bati interes kultural bereziko Irurak Bat jauregia eraisteko baimena irregularki emanez; udaletxe bereko bi zinegotzik, gainera, enpresa hartako partaidetzak zituztela ere jakina da. Pasaden astean jakitun izan ginen Getxoko udalak ikerketapean jarraitzen duela, eta EAJren negozio berri hau salatu genuen. Ez da harritzekoa honezkero Algortako Batzokiko patioan 14 luxuzko etxebizitza libre eraikitzeko egitasmoa onartu izana Getxoko Udalak 2022an.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Berangoko udalaren eta Amenabarren arteko 2020ko trukateta; Orduko udalak 2 milioi euro balioko partzela eman zion Amenabar taldeari etxebizitzak Santa Ana auzoan eraiki zitzan Icaza Jauregiaren truke, Otxantegi Herri Lurra taldeak salatu zuen bezala.

Higiezinen enpresen eta politikarien arteko harreman hauek maila nazionalean islatzen dira, noski. Adibidez, EAJko batzarkide izandako Alex Bidetxea Viuda de Sainzeko presidentea eta Kutxabankeko aholkularia da (Kutxabank Neinor enpresa sortzailetako bat zen). Monica Pedreira (PSE), bere aldetik, Amenabarreko ingurumen arloko zuzendaritzan hamar urte eman ostean Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikorako zuzendaria da.

Kapitalista handiek poltsikoak betetzen dituzte etxebizitzaren negozioarekin, eta politikariek legea moldatzen dute etekina handiagoa izan dadin. Bitartean, Uribe Kostako langileak, sustatzaile handi hauen arpilatze eta kapital handi hauen mesedetan eginiko politiken eraginak pairatzen dituzte erarik gordinenean. Etxebizitza sindikatutik argi daukagu erakunde burgesetatik datorren edozein etxebizitza politika mugatua dagoela langile klasearen problematika konpontzeko. Izan ere, gizarte kapitalista batean, politika instituzionalak ezin du, kapitalaren errentagarritasuna kolokan jarri. Etxebizitza Sindikatutik, aldiz, argi daukagu langile klaseak etxebizitzarekin daukan arazoaren konponbidea kapitalaren errentagarritasunarekin kontraesanean dagoela. Horregatik, politika burgesaren sasi-konponbideen aurka, Etxebizitza Sindikatutik langile antolakuntzan eta autodefentsan sakontzeko aldarria egin nahi dugu. Kapitalaren errentagarritasunaren aurka eskuak lotuak dituen politika instituzionala arazoari konponbidea emateko mugatua badago, langile boterearen eraikuntzatik soilik etorri daiteke etxebizitzaren problematikaren behin betiko soluzioa: kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsala.

Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora

HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun