Dakizuen bezala, euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronka bota du Taupak, Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten gainerako bazkideekin batera: datozen 10 urteetan, urtean 15.000 herritar baino, 30.000 euskalduntzea, euskararen erabilera % 15,3tik % 20ra pasatzea, Euskal Herriko hiru administrazioek hizkuntza politikara bideratutako aurrekontua batez besteko % 0,45etik % 2ra igotzea eta euskara bere lurralde osoan ofiziala izatea.
Zenbakiak dira, bai, baina zenbaki horien atzean, herri proiektu bat dago: 300.000 herritar gehiago euskararen komunitatera erakartzea, milaka harreman berri euskaraz sortzea, familia, lagunarte eta lantoki askotan euskarak presentzia handiagoa izatea. Azken batean, euskaraz bizitzeko behar ditugun baldintzak sortzeaz ari gara, eta horretarako, erronka egingarri bezain anbiziotsuak behar ditugu. Taupari dagokionez, gure muineko helburua euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzea izanik, erabilera biderkatzeko erronkari heldu diogu, batik bat, baina badakigu erronkari heltzea ez dela aski, eta hau nola lortuko dugun lantzea ere badagokigula.
Lurzorua eta ongarria
Euskal Herrian bizi diren herritar gehienek euskara ulertzea da erabilera biderkatzeko beharrezko lurzorua. Ulermenaren indarra gutxiesteko joera dugu, akaso, gure helburuak apaltzea delakoan, baina aintzat hartu behar dugu azken helmuga baino, lehen geltoki bat dela, eta bere horretan, eraldaketa soziala dakarrela. Hizkuntza bat ulertzea herri baten bizitza sozialean, kulturalean eta demokratikoan parte hartzeko atea parez pare irekitzea da, eta bizikidetza linguistiko bidezkoago baterako baldintzak sortzen ditu, estres linguistikoa gutxitzen duelako eta hizkuntza-hautu askeagoak ahalbidetzen dituelako.
Eta lurzorua ulermena bada, hizkuntza praktika egokiak dira ongarriak. Badira jokabide batzuk, oinarrizkoak izanagatik, urratzaileak direnak. Bi aipatuko ditugu: bata, lehen hitza euskaraz egitea, edonon eta edonoiz —Euskal Herriko bi biztanletik batek euskara ulertzen duela jakinik, parean dugunak ulertzen ez duela aurreikustea ez al da haren gaitasuna gutxiestea? Zergatik jakingo dugu guk euskaraz, eta ezezagun horrek ez?—; eta bestea, ulertzen duenari euskaraz egitea —nola egingo du ulertzen duenak hitz egiteko urratsa inoiz inork euskaraz egiten ez badio?—.
Euskararen ulermena orokortzea eta hizkuntza praktika berriak hedatzea gakoak dira. Eta gutariko bakoitzaren ahalegin indibidualak ingurukoengan eragin itzela izan badezake ere, sinistuta gaude ahalegin kolektibo bat ere behar dugula. Euskaraz bizitzeko baldintza errealak behar ditugu: politikoak, sozialak, kulturalak eta materialak. Euskarak ekosistema oso bat izan dezan, aurrez aurre dugun erronkaren tamainako neurriak behar ditugu. Idurre Eskisabelek Iruñean aldarrikatu bezala, minorientzako hizkuntza-politikak atzean utzi, eta hizkuntza-politika anbiziotsu eta ausartak indarrean jartzeko unea da.
Lurra ereiteko garaia
Euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatu dugu, euskaraz bizitzeko baldintza errealak behar ditugulako. Gure ahotsa entzunarazi dugu, baina ez dugu inoren zain geratzeko asmorik. Sortzeko garaia da. Lurra ereiten jarraitzeko unea. Ez dezagun ahaztu euskararen aurrerapauso handienak herritarron ekimenetik etorri izan direla. Ikastolak, euskaltegiak, herri aldizkariak, kultur taldeak, euskara elkarteak edo Korrika eta Euskaraldiaren gisako ekimenak ez ziren bulego batean diseinatutako proiektu hutsak izan: herritarrok sortu genituen, herritarrok egin ditugu posible.
Datorren hamarkadari begira, badugu erronka: euskararen erabilera % 20ra igotzea. Horretarako, euskararen ulermena orokortu eta hizkuntza praktika berriak heda daitezen lan egingo dugu Taupan, euskara denontzat izan dadin eskuragarri, eta denon artean bultza dezagun gehiago erabil dadin. Erronka anbiziotsua da, baina egingarria ere bai. Pentsa dezagun une batez: zertarako gai ginateke Euskal Herriko auzo eta herri guztietako euskaltzaleak saretuta egongo bagina? Gure ametsa euskaraz bizi nahi duen herri ireki, askotariko, ahaldundu eta sortzaile bat bultzatzea da, euskaltzaleen indarra saretu eta biderkatzea, norbanakoen ahaleginak kolektibizatzea. Mugimendu zabal bat eratzen ari gara; izan nahi duzu parte? Saretu gurekin: taupamugimendua.eus.
Jasone Mendizabal, Tauparen koordinatzailea eta Batuz Aldatu dinamikaren Talde Eragileko kidea Goiatz Urkijo, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendaritza batzordekidea.
Bidali zure iritzi artikuluak hiruka@hiruka.eus helbide elektronikora
HIRUKAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiagaz. Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, HIRUKAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia gura gabe aldatzeko arriskua dago. HIRUKAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, hala behar izanez gero.