Barrikako errodajearen beldur!

Erabiltzailearen aurpegia Jorje Perez 2016ko ira. 23a, 20:30

Euskaraz ‘filmatu’ eta ‘errodajea egin’ ez da kontu bera; Barrikan bizi garenok ondo dakigu. Bata bestea baino albiste entzutetsuagoa izan da azken aldian, zoritxarrez. Ostera, guretzat garrantzitsuagoa da eguneroko errealitatea, fikziozkoa diruen arren! Aspalditik pelikula beldurgarria bizi dugu egunero: abiadura handiegian pasatzen diren kotxeak eta gehiegizko trafikoa BI-2122 errepidean. Orduko 50 kilometroko abiadura da muga, hortik gorakoa ibilgailuen ziztu bizia ia beti!

Aurreko batean, gorriz zegoen semaforoari kasu egin barik, eta semeak eta hirurok ia harrapatu ostean, pasatu zen gidariak atzamarraz popatik hartzera bidali eta nire kontura barre egin izanak amorruz mugiarazi nau. Etxetik irteteari beldur izatea??!! Onartezina, eta salatzekoa!

Larregizko abiaduran doazen autoak; balaztada eta azelerazio itzelek sortzen duten zarata jasangaitza; istripuak, harrapatutako animaliak, ez badira pertsonak... Segurtasun eza eta biolentzia oinezkoentzat, baita txirrindularientzat ere. Halakoa da Goierriko pasabidearen eguneroko eta benetako platoa; Barrikan, udalerri osoan, oso antzekoa. Hemen ez dago espaloirik; semaforo bakarra dago, eta hori ere mugitu, aldarrikatu eta salatu ostean. Modu berean, salatzeko da Sopelako San Andres baseliza inguruan jazotzen dena, Zabaletxe-Meñakoz aldean. Lineako zein eskoletako autobusen geralekua bihurgune arriskutsuan bertan dago; ez semafororik, ez zebra-biderik...

Eta horiek dira Barrikan bizi garenontzako benetako protagonistak; guk garestiegi ordain dezakegu, geure biziaz ordain dezakegu auzokoari bisita egitea edo kultur etxeraino joatea. Guk bizia dugu “jokoan”! “Game of thrones” baino, egin dezagun zerbait “Game over”-a baino lehenago!

Barrikako Udala eta Bizkaiko Aldundia bata bestearen begira daude; eta eurak dira egoera horren arduradun eta erantzule, Ertzaintzaren esanetan. Nahiko da! Kokoteraino gaude! Pelikulak baino, konponbidea behar dugu: Goierrin bidegurutze bat (biribila edo ez), herriraino joateko espaloia edo bidegorri bat, edo radar finko bat lar eskatzea da, benetan? Lan txikiko eta gutxiko kontu egingarri horiek eginez gero asko lortuko genuke: kotxea gutxiago erabili behar izatea, ume zein nagusiak paseoan lasai ibiltzea, bizia arriskuan ipini barik... Eta, hala, Barrika izango litzateke gizatiarragoa, bizigarriagoa eta batuagoa, eta, beharbada, adeitsu, osasungarri eta jatorragoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun