Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, bere aldetik, sindikatuak datozen hilabeteotan egingo dituen ekimenak aurkeztu zituen. Erreformek utzi diguten panorama deskribatu zuen, egoerarik makurrenak erreformak aplikatu ondoren ematen direla nabarmenduz. Batetik, enplegua suntsitzen jarraitzen dute, irabaziak dituzten enpresetan ere, adibidez, Kutxabanken. Bigarrenik, erreforma berrien hotsak entzuten dira, pentsioena eta lan-merkatuarena esaterako. “Erasoen garaia ez da amaitu”. Egoera honetan, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza Madrildik, PPren eskutik datozen neurri suntsitzaileei babesa emateko prest egotea, benetan larria dela nabarmendu zuen. Egoera honi aurre egiteko gako desberdinak planteatu zituen. Lana eta langileak espekulatzaileen gainetik jartzea, egun ikusten ez diren enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz. Bestetik, prekarietatea behingoz murrizteko neurriak hartzea, bost ardatzen inguruan koka litezkeenak: enplegua banatzeko, 35 orduko lan-astea; 1.200 eurotako gutxieneko soldata; aukera berdintasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak eta lan-osasuna bermatzea. “Prekarietateari aurre egin diezaiokeen bakarra langileon antolaketa” izanda, duela hilabete batzuk sindikatuak planteatu zuen “Zure ESKUbideak, actívate por tus derechos” dinamikaren urrats berriak aurkeztu zituen. Aurrera begira, azaroaren 12an sindikatuko delegatuak Bilbon elkartuko dituztela gaineratu zuen, prekarietatearen “negu gorriari” aurre egiteko sindikatuak prestatu duen bide-orriaren baitan.