Euskara Urdulizko ospitale berrian: zaharra berri?

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2015ko abe. 17a, 17:59

Osakidetzak jakitera eman duenez 2016an irekiko ditu ateak Urdulizko ospitaleak. Sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozial ugarik gure kezka azaldu dugu ospitale honetan zenbait zerbitzu eremu publikotik at geratzearen arriskuaren aurrean. Baina bada beste gai bat ere LAB sindikatuak agerian utzi nahi duena: euskara Urdulizko ospitalean.

Edurne Agirre Osakidetzako LABeko arduradunaren eta Imanol Arruabarrena Osakidetzako LABeko euskara arduradunaren artikulua

Osakidetzak jakitera eman duenez 2016an irekiko ditu ateak Urdulizko Ospitaleak. Sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozial ugarik gure kezka azaldu dugu ospitale honetan zenbait zerbitzu eremu publikotik at geratzearen arriskuaren aurrean. Baina bada beste gai bat ere LAB sindikatuak agerian utzi nahi duena: Euskara Urdulizko Ospitalean.

Gure kezka azaltzeko, alderaketa bat. Pentsatzekoa da ospitalearen arkitektura eta diseinuari dagokionez, eman beharreko zerbitzua kontuan harturik egin dela eraikinaren diseinua. Alegia, ez dela egin beste eraikin batetako plano zaharrak baliatuz, egungo beharrak kontuan hartu gabe, eta gerora egokitzapen neketsu eta luzeak egitearen menpe. Begi-bistakoa da hori zentzugabea litzatekeela.

Arkitekturari dagokionez astakeria dirudiena, euskarari dagokionez, ordea, badirudi horrela egingo dela. Ospitale berria sortzekotan, hasieratik euskaraz lan egin, komunikatu eta zerbitzua eskaintzeko gai izango den ospitalea sortzea da logikoena, eraginkorrena eta baita errazena ere. Euskara kontuan hartu gabe hala moduz sortzen bada, lan eta komunikazio hizkuntza bakarra, eta osasun-zerbitzu hizkuntza ere sarritan, gaztelera izango duten lan unitateak sortzen badira, pentsatzekoa da ze panorama izango dugun aurrerantzean. Hamarkada eta urte luzez euskararen normalizaziorako plangintzekin bueltaka, ezinean, langile eta erabiltzaileon hizkuntza-eskubideak eta osasun kalitatea bermatu ezinik.

Urdulizko ospitaleak euskalduna izan behar du lehen egunetik, hori bermatu beharra dago, eta hori, esan beharrik ez dago, euskarazko Hizkuntz Eskakizun eta Lanpostuen Derrigortasun Datak baino haratago doan kontua da. Gaur gaurkoz, 2015. urtean, onartezina litzateke euskara bigarren mailako hizkuntzatzat lukeen ospitale berri bat sortzea. Garaiz daude Eusko Jaurlaritzako arduradunak. Urdulizko ospitale berria, ospitale euskalduna.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun