LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.
Istripu gehienen atzean lan baldintzen prekarietatea dago: formakuntza falta, lan erritmo bortitzak, azpikontratak, lan gainkargak,... Istripuak saihesteko neurri egokiak behar dira, legeak azpimarratzen duen bezala. Baina legea ez da oraindik goitik behera betetzen, horregatik betearaztea da exijitu behar duguna, enpresek eta erakundeek ez baitute horretarako borondaterik erakusten.
Langileok ezin dugu onartu urtero istripu kopurua igotzea. Krisiaren aitzakiarekin prekarietatea areagotu egin da eta neurri zuzentzaileak hartzea alde batera utzi dute, eta hortik dator istripuen gorakada. Hau dela eta, enpresei eta administrazioei lan baldintza egoki eta seguruetan lan egiteko eskubidea exijitu behar diegu.
Beti bezala, lan ikuskaritzari eta Osalani ikerketa egitea exijitzen diegu. Haien ustez, ez daukate konpetentziarik ikerketa egiteko, errepidean gertatu delako, baina, gure ustez, benetako ikerketa egin dezan eta faktore guztiak jakin ditzagun haien ardura hartu behar dute, eta argitu egin behar dute zer gertatu den eta zer egin behar den berriro antzeko istripu bat gerta ez dadin.
Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen (gaur, Donostian, urrutira joan gabe), enpresa eta erakundeei hobekuntzak exijitzen diegun bitartean. Horretarako hurrengo ostiralean, hilak 13, eguerdiko 12:30ean, Sopelako Pizzeria Mec Mec aurrean (enpresaren egoitza nagusia), elkarretaratzera deituko dugu.