LAB sindikatuaren 9. biltzar nagusia martxan da

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2017ko ots. 1a, 12:29

LABen 9. Biltzar Nagusia abiatu dugu. Maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen izango du azken geltokia kongresurako prozesuak eta ordura arteko dinamika Euskal Herriko eskualdeetan garatuko da, gurean ere bai.

Aurtengoa kurtso berezia da sindikatuarentzat, buru-belarri lanean ari gara aro berri bat ireki nahian, datorrena "Gure Garaia" izan dadin, euskal langileon garaia, euskal sindikalgintzaren garaia, Euskal Herriaren garaia.

Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. 9. Biltzar Nagusian, orain arteko ibilbidea oinarri hartuta, aldaketa gauzatzeko erabakiak hartuko ditugu. Esku artean proiektu argi bat dugula, gure eskaintza berritzen jarraituko dugu.

Ponentzien prestaketaren ostean, hauen inguruko eztabaida prozesuari ekiteko unea iritsi da. Zentzu honetan, urtarrilaren hasi eta otsaila hasiera arte, eskualde guztietan delegatu eta afiliatuekin batzarrak egingo dira ponentzietan proposatzen diren erabaki nagusiak azaldu eta hauen inguruan eztabaidatzeko.

Gure eskualdeko aurkezpenaren data izango da otsailaren 3an, arratsaldeko 18:00etan, Villamonteko kultur etxean, Algortan. Gonbidapena atxikita.

Bestalde, otsailetik maiatza bitartean oinarri sozial, herritar eta eragileekin hainbat solasaldi egingo dira. Ponentzietan jasotzen diren gai nagusien inguruan LABen ikuspegia jendarteratu eta eztabaida soziala bultzatzea izango da solasaldi hauen helburua. Honela, gai ezberdinen inguruko solasaldiak antolatuko ditugu: burujabetza prozesua eta aldaketa soziala, sindikalgintzaren ekarpena borroka sozialean eta ekintza sindikal integrala, besteak beste.

Berrikuntzak ere ez dira faltako prozesu honetan. Milaka afiliaturen parte hartzea helburu hartuta, haiekiko komunikazio bide berriak zabaldu ditu sindikatuak. Hala nola, parte hartzea erraztu eta biderkatzeko asmoz aplikazio telematiko bat jarri dugu martxan. Baliabide hori ere jada eskura dute afiliatuek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun