Eskumaldeko LABetik Maiatzaren Lehenean kalera ateratzeko deia egiten dugu. LABen aldarrikapen historiko batekin aterako gara kalera, langileok estatu propioa nahi eta behar dugu. Konbentzituta egingo dugu, gero eta arrazoi gehiago dagoelako horretarako eta, gainera, egoera berri batean gaudelako. Estatus politikoari buruzko eztabaida irekita dago ia 40 urte pasa ondoren, eta euskal instituzioei eta EAJri bereziki eskatuko diegu ez dezatela eztabaida hori bahitu, Gobernura eta Eusko Legebiltzarrera mugatuta. Euskal jendarteak erabaki dezala estatusari buruz.
Atzo leku desberdinetan egon ginen eta gogor kritikatu genuen patronala eta EAJren politika ekonomikoa. Eusko Jaurlaritzaren aldetik dagoen industria politika falta salatu genuen, honen “Industria 4.0” ereduak prekarietatean sakondu baino ez duela egiten nabarmentzeaz gain. Urdulizko ospitalean ere egon ginen LABeko kideak, Osakidetzaren aldetik ematen ari diren pribatizazio ahaleginak salatzeko.