Abian da Ekimen Ibiltaria, lan duina eta bizi duina izateko eskubidea aldarrikatuko duen herriz herriko dinamika

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2017ko urr. 16a, 18:22

Abian da LABek antolatutako Ekimen Ibiltaria. Iruñean egin dugun ekitaldiak hasiera eman dio, eta, behin abiatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du abenduaren 6a bitartean. Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza ekitaldian, eta lanaren eta bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko proposamenak ditugula adierazi du: "Lan harremanen prekarizazioaren kontrako borrokan sakontzearekin batera, LABen eskaintzak eta praktika sindikalak une honetan soldatapeko lana duten langileen behar izanei erantzutea baino harago joan behar dute. Langilego osoaren errealitateari erreparatzen diogu. Guzti guztiak ditugu buruan".

“Lan duina, bizi duina”. Horixe da, urriaren 16 eta abenduaren 6 bitartean, Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko dituen ekimen ibiltariaren leloa. Hain zuzen ere, garaia da bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriko duen eredua eraikitzeko, eta hala aldarrikatuko dugu herriz herri, eskualdez eskualde.

Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta bizitzaren sostengarritasuna, bizitza duinerako eskubidea, alegia, erdigunean jarri behar dugu. Kapitala eta merkatuak erdigunean kokatzetik bizitza erdigunean jartzera pasatu behar dugu, eta horrek lan guztien aitortza eta defentsa egitea dakar, guzti-guztiena. Halaxe adierazi du Garbiñe Aranburuk, gaurko irekiera ekitaldian: "Langile klaseari bere osotasunean irtenbideak eskaini nahi dizkiogu.  Proposamenak baditugu eta kolektibo desberdinei LABekin borrokara batzeko eskaintza luzatu nahi diegu ekimen ibiltariarekin. Herrietan karpa bat jarriko dugu, jendea gerturatu dadin eta gure eskaintzak ezagutu ditzan. Bertan material desberdinak banatuko ditugu".

Langile klasea bere osotasunean kontuan hartu eta ohiko sindikalgintza ereduarekin identifikatzen ez diren kolektibo horiei guztiei eskaintza bat egitea da, beraz, helburua: "Lehenik egoeraren kontzientzia hartu behar dugu. Prekarietatean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, baina hori ez da normala, badago nahikoa diru guztioi bizitza duina bermatzeko. Bigarrenik, borrokara batzeko eskaintza egiten dugu, aktibatu eta mobilizatu behar dugu. Kolektibo bakoitzari borroka eskaintza espezifiko bat egingo diogu, bere errealitatetik abiatua eta bere errealitatea iraultzeko".

Gure eskualdeko geldialdiak:

- Azaroak 27, Mungia
-Azaroak 28, Txorierri eta Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun