Cables Y Alambres enpresan ematen den LABen aurkako jazarpen sindikala salatu dugu

Erabiltzailearen aurpegia LAB 2018ko mai. 16a, 17:13

Duela denbora batetik hona Cables y Alambres (Vicinay taldea) enpresako zuzendaritzak LABeko delegatuak jazartzeari ekin dio. Gaur LABek deituta 82 ordezkari eta langile batu gara enpresa aurrean mezu argi batekin: jazarpen sindikalaren aurrean, elkartasuna eta borroka.

Cables Y Alambresen egoera ez da berria. Etengabeko atzerapenak ematen dira soldata sariak jasotzeko, 2015etik enpresa Vicinay taldearen parte denetik inbertsio falta nabaria da eta lan istripuak eguneroko ogia dira. Gainera, Erandioko Udalak enpresa kokatua dagoen lurzorua birkalifikatu nahi du, etxebizitzak eta eremu berdeak jasotzen duen PGU-ari bide emateko.

Hau gutxi balitz egoera lazgarri hau onartu ez eta ahotsa altxatzen duen orori isilarazteko jazarpenari ekin dio enpresa zuzendaritzak. Mehatxuak, eguneroko presioa, ordezkaritza sindikala garatzeko etengabeko oztopoak. Horiek dira LABeko delegatuek lantokian bizi dutena.

LAB sindikatuak argi dauka: ez ditu langileak bakarrik utziko eta ez du onartuko langile eskubideak defendatu eta lan baldintza duinen aldeko jarduna zigortzea. Jazarpen sindikalaren aurrean, langileon arteko elkartasuna eta borroka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun