Azterketa edo ebaluazio jarraitua?

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2015ko mai. 11a, 11:22
(HIRUKA papereko edizioan argitaratua)

Edozein ikaskuntza prozesutan ebaluazioa beharrezkoa da. Eskola formalean zein kaleko unibertsitatean, ikasitakoa ez da guztiz baliagarri izango prozesuaren atzera begirakoa egiten ez badugu. Lau urteko masterra egin dut azken urteotan, amaitzear dudana. Autoebaluazio prozesua egiteko parada hartuko dut lerro hauetan; azterketa finala izango dut laster, baina horretan ez dut arreta guztia jarriko, ebaluazio jarraituaren zalea bainaiz. Gainera, irakasleen «maniak», eskolaren kutsu tradizionalistak eta txutxu-mutxuek nire motako ikasle endredatzaileen kontra jokatu ohi dute (argi esan zidan Getxo IIIko geografia irakasleak: «Ez nuen uste horietakoa zinenik»). Edukien barneratzeaz gain, jarrera eta prozedurei jarri behar zaie arreta. Lan talderako gaitasunean pozik nago emaitzekin; talde berrian sartu eta lan giro ederra sortu dugu. Ikaskide ezin hobeak izan ditut egia esan, bakoitza kuadrilla ezberdinekoa izanda elkarrekin lan egiten ikasi dugu. Ikasgai oso zailak tokatu zaizkigu; terrorismo kapitalistak sortutako etxe kaleratzeena adibidez, gogorrenetakoa. Baita Parte Hartze politikena; oraindik ez dut ulertu zergatik eman dioten ikasgaiari izen hori, ikusi dugunak ez baitu zerikusirik izan Parte Hartzearekin. Ezin ahaztu irakasle kuttun bat joan zaigula, Angel, ikasketa ibilbidean markatzen zaituen horietako. Uste baino gehiago ikasi dudala konturatu naiz, ikasten jarraitzeko gogoa indartu baitzait. Batzuk matrikula egin ez dudalako ea ikasketak uzteko asmoa dudan galdetzen didate. Ez. Oraindik gehiago ikasteko (eta endredatzeko) gogoa dut, klasean edo eskolaz kanpoko jardueratan. Oporraldia ere behar dut; sanisidrotan klaseko afaria egiteko behintzat! Gora sanisidroak!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun