Jarrera tinko-goxoa; gora Periko!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2015ko eka. 25a, 12:47

Goxotasunez botatako agurra merezi du joan berri zaigun Periko Solabarriak. Egunkariak irakurtzen jarrita, bere konpromisoa azpimarratu dute batzuk zein besteek. Zalantzarik ez dut Solabarriaren konpromisoa eredutzat jarri behar den horietakoa dela.

Makuluak zailtasunez aguantatzen zutenean ere, zalantzarik ez du izan larru gorritan zein pankartari helduta sistema terrorista-kapitalista nazkagarriaren ondorioak salatzeko.

Baina, konpromiso hitzari gozotasun hitza ere gehitu nahiko nioke, hori ere bere borroka ereduaren ikur izan baita. “Oso ondo pitxin!”, “Zein polito hitz egin duzun bihotza”, “Animo neska-mutilak!”. Bere azken oroitzapena Euskalduna jauregian egindako ekitaldi batekoa dut eta horrelako hitz gozoekin agurtu gintuen; harrotasunez puztu zitzaidan bihotza berarengandik hori jasotzean.

Munduko terrorismo-inperialistarengandik, baina batez ere, Espainiar zein Frantziar Estatuengandik jasandako errepresio basatiak, bihotzak berunezko armadurekin janztera eraman ditu gehiegitan ezkerreko militante abertzale asko. Nahita edo nahi barik, makina bihurtu behar izan gara behin baino gehiagotan. Horregatik, Periko Solabarriarena bezalako jarrera militante tinko-goxoak, balore bikoitza duela uste dut. Tinkotasunetik zein goxotasunetik aurre egin dielako Estatu faxistei, indar polizialen bortizkeriari, kapitalismoaren atzaparrei… eta gozotasun horrekin arnasa eman dielako besarkada bat baino borroka tresna gehiagorik behar ez zuten emakume-gizon askori. Munduaren aurrean aurkezteko jarreraz gain, borrokarako jarrera ere bazan bere goxotasuna.

Horregatik, Uribe Kostatik ere, besarkada iraultzailea Periko eta bere hurbilekoentzat! Gora bihotzak!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun