Ustez, Antzokiaren eraikin “postmodernorretrokalifragilistikoa”-rekin bat datorren ingurunea bilatu nahi izan du getxoztarron diruaz ordaindutako arkitektoak. Horretarako, urteetan bahitu digute plaza, horrek suposatzen duen kalte sozial, ekonomiko eta emozionalarekin. Orain, askatu duten honetan, egunero ikusten dugu algortarrok plaza izateko genuen beharra, gainezka egoten baita Euskalmetek baimena ematen duenean behintzat.
Baina herri-ondare kolore ederrekoa zen plaza hura, nortasun gabeko grisez jantzi dute; bankuek ez dute besteentzako lekurik apenas usten, paperontziak oporretan joan dira, iturriak ez du egarria kentzen, kioskoak ezin ditu sari banaketak eta bertsolariak hartu…. eta hori gutxi balitz, mezatara igo zein txokorrak lasaitasunez erre nahi zenituzten horiek, porlanezko eskailerak zatarrak dituzue (eta ondarearen babesa?). Balorazio estetikoak politikatik at utzi behar direla sinestarazi digute. Ez gaitzatela engainatu; porlan grisaren atzean modernizazio nahia baino askoz estrategia sakonagoa dago. Plaza deserosotu dute, nortasuna kendu, herri ekimenetarako zaildu… Hori edo, gure 40 milioi euroekin ordaindutako arkitektoak, Alcorconeko plazarako zuen proiektua birziklatu du Algortan.