Mekaguenla ostia, joder!!!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2015ko urr. 16a, 11:35

Terrorismotzat daukat urteetan zehar enpresa eraikitzaileek eta bestelako espekulatzaileek, erakunde publikoen elkarlan zintzoari esker, Getxon praktikan jarri duten lapurreta masiboa. Azken asteotan, bi ekintza armatu burutu dituzte OEP (Oinarrizko Eskubideen Lapurrak) talde terroristako kideek. Bata, Venanciosen eta, bestea Iturribarrin.

Mekaguenla ostia, joder!!! Manera oneko emakume lasaitzat dut nire burua baina badaude nire onetik ateratzen nauten kausak. Horietako bat da herrian, Getxon, praktikatzen den etxebizitzaren terrorismoa. Bai, ondo entzun duzue; terrorismotzat daukat urteetan zehar enpresa eraikitzaileek eta bestelako espekulatzaileek erakunde publikoen elkarlan zintzoari esker praktikan jarri duten lapurreta masiboa. Musika talde ezagun batek esaten duen lez: “Las cosas por su nombre”. Has gaitezen gauzak dagokien moduan deitzen.

Azken asteotan, bi ekintza armatu burutu dituzte OEP (Oinarrizko Eskubideen Lapurrak) talde terroristako kideek. Bata, Venanciosen eta, bestea Iturribarrin. Lehenengoan, herriarena den beste lursail bat jarri dute salgai etxebizitza librea egiteko; librea esaten dugunean, justizia sozialeko edozein logikatik librea den etxebizitza esan nahi dugu. Beharrezkoa da gogoraraztea azken bi urteotan beste bi lursail saldu dituela udalak Andra Marin eta horietatik lortutako 5 milioi euroak, Getxo Antzokiaren munstroa elikatzera bideratu zituztela. Beldurrez nago, Venanciosetik lortutako dirua ez duten Antzokiaren ondoan jarri berri duten dorre itsusi beldurgarri hori elikatzera bideratuko, eta laster Txiki Otaegi  edo San Nikolas plaza deitu beharrean, “Elm Street” deitu beharko dugun.

Bigarren ekintza armatua Iturribarrin burutu dute, non herri ondare diren Hezetasun Auzoko ortuak kenduko dituzten, hainbat etxebizitza eraikitzeko, bat ere ez alokairu sozialekoa. Horri malgutu asmoz edo, aldi berean eta 6 urteko atzerapenaz , Alangoko alokairuzko lehen etxebizitza multzoaren behin-behineko zozketa zerrenda atera dute. Pentsa ezazue zer gertatuko litzatekeen 6 urteko atzerapenaz ordainduko bazenute autoaren zerga edo zaborrarena. Zu, enbargatua izateko edo espetxera joateko arriskuan egongo zinateke; beraiek, bataz beste 4.000 euro inguruko soldata jasoko dute hilero. Gainera, ez pentsa Alangokoa betiko publikoa izango den etxebizitza multzoa denik, 15 urte barru hori pribatizatzeko aukera eman baitute. Bide batez aipatzea, hainbat ezagun hurbildu zaizkidala azken egunotan huts egite bategatik (edo) ez onartuen zerrendan jarri dituztela salatuz…

Munduko potentzia handienak elkarlanean jarriko omen dira “terrorismo islamista”  deitzen duten hori geratzeko. Bitartean, guk, getxoztarrok, familiarteko edo lagunarteko mekaguenlak botatzera mugatzen dugu gure estrategia OEP talde terroristaren kontra. Ez da nahikoa; elkartu, antolatu eta kalera atera behar gara tamainako indarkeriaren aurrean. Errudunek izen abizenak dituzte, batzuk lau ormen artean daude eraikin publikoetan duituzten bulegoetan, besteak aldiz, futbol taldeak kudeatzen edo, euren paradisu fiskaletatik, ekintzak telefonoz zuzentzen. Ezin dugu kolektiboa izan beharko lukeen borroka bat pribatua dela pentsatzen jarraitu; hilero hipoteka edo alokairua ordaintzeak sortzen digun antsietatea edo gure gurasoen etxean jarraitu behar izateak sortzen digun tristura amorru bilaka dezagun eta, amorru hori, ekintza zuzena. Denok, etxea dugunak zein ez dugunak, alokairuan bizi zein hipoteka hartzea erabaki dugunak, herritik alde egin edo herrian irautea erabaki dugunak… denak gara sistemaren indarkeri krudel horren biktimak. Koordinatu eta mugi gaitezen. Mugitzen ez den Herria, daukana besterik ez baitu merezi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun