Gabi Madrilen dago

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2015ko urr. 19a, 11:15

Astelehena da, lainotuta hasi da astea gainera. Astelehen madarikatua. Lanetik irteten zarenean behintzat, kirola egiteko edo etxean goxo afaltzeko aukera izango duzu, familiartean. Gabi Basañez getxoztarrak ezin izan du alabarekin gosaldu gaurkoan, ezta afaldu ere. Madrilen dago, Audientzia Nazionalean.

Bera eta beste lau euskal herritar Askapenako kide izateagatik epaitzen hasi dira gaur, urriaren 19an, Espainiartasunaren Harrotasun Egunetik aste betera. Ezagutzen ez duzuenentzat, Askapena erakunde internazionalista euskalduna da. Baina zer da internazionalismoa? Internazionalismoa beste herri batzuk dituzten arazoak entzutea da, animo besarkadak ematea, eskolak edo etxeak konpontzen laguntzea, norberak sufritutakoak kontatzea, Estatu inperialistei elkarrekin oihukatzea, elkartasun bazkariak prestatzea, urrun dagoena hurbilekoa bezala begiratzea, hizkuntza gutxituak diskurtsoaren hasieran jartzea, txikiari garrantzia ematea handiegia denaren aurrean… hori eta askoz gehiago da internazionalismoa.

Gabi eta beste internazionalista batzuk ezagututa oraindik ere hunkitzen nauen zerbait badago: milaka kilometrotara dagoen eta, nahi izanez gero, euren bizitzetan inolako eraginik izan beharko ez lukeen edozein gertaera txiki, loa galtzeko arrazoia da eurentzat. Gainerakoena baino bihotz handiagoa izan beharko dute hainbeste maitasun eta elkartasun sartzeko bertan.

Gaur Madrilen izen abizenak dituzten bost gizon eseri araziko badituzte ere, euskaldun guztiak gara gaur epaituak Madrilen. Izan ere, Askapenaren ilegalizazio saiakera eta Gabi eta gainerakoei eskatzen dizkieten 6 espetxe urteak, Espainiar Estatu Inperialistak euskaldunoi botatzen digun beste abisu bat besterik ez da: “Aizue, euskaldun ipurterreak… ez ahaztu zuen bizitzen jabe garela. Ez ahaztu Herri eta herritar libreak izan ez zaitezten edozer egiten jarraituko dugula. Ez ahaztu, Euskal Herri libre eta justuago batengatik borrokatzen zaudeten guztiak gure biktima izan zaitezketela, are gehiago, egiten dizueguna munduan zehar kontatzea bururatzen bazaizue…”.

Horregatik guztiagatik, izan Gabik gaur etxean gosaldu ez duelako, izan euskal herritar garen heinean, Madrilen gaur denok epaituak garelako, joan bedi txoko honetatik getxoztarron eta Uribe Kostarron elkartasun oihua Madrilera. Esan diezaiogun, Mellilako mugan zein Guardia Zibilen kuarteletan gaur egun, zein Hego Amerikan orain milaka urte gizakiak torturatu eta erailtzen zituzten horiek, ez direla inor gu epaitzeko. Beraien legeek komuneko zulotik behera botatzeko beste zilegitasuna dutela guretzat. Beraien justizia, euskaldunon kontrako injustiziaren ikur dela.

Datozen egunotan Algortan mobilizazioak deituko dira, baita urriaren 31n Madrilen ere. Hemen idatzitako zerbaitekin ados bazaude, mugi zaitez. Animo Gabi eta besteak! Askapena LIBRE!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun