Estetika politika ere badela aldarrikatzeko tartea hartu nuen aurrekoan eta bide beretik jarraitzeko aukera eman dit Udalak. Guztion ahotan ibili da azken asteotan Algortako plazan jarri diguten “oparitxo” berria: garabia ote, obretarako tresna… ez, Txiki Otaegiko makro-foko munstroa da! Pentsatzen hasia naiz, tamainako erabakiak hartzen dituztenak konplota dutela herriaren kontra. Algortarrok alde zahar bakarra geneukan eta Antzokiaren obrarekin lapurtu digute: elizako eskailerak, kioskoa kentzea, makro-fokoa… zer izango da hurrengoa? Adi frontoiko erabiltzaileak! Bide beretik jarraituz gero hilabete barru kristalezko padel pista aurkituko duzue pilota jokora zoaztenean.