Algortan ere badugu zer oihukatu, Muni etxera!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2015ko aza. 26a, 10:00

Historia apurtxo bat egitea besterik ez da behar, Alvarok (eta bere ingurukoek) Frantziar zein Espainiar Estatuen indarkeria pairatu izan eta, orain inoiz baino gehiago, pairatzen dutela ikusteko.

Erreza da urruneko bidegabekeriak seinalatzea. Inongo gatazkarik ez da sortzen familia bazkarian edo lantokian kafe orduan, Ugandan umeak bortxatzen dituztenak kritikatzen baditugu, ezta Iraken bonbekin sartu izana krudelkeriatzat deskribatzen badugu ere.  Azken asteotan, Metro Bilbao bezalako enpresa handi batek, errastazun osoz (eta auskalo zein irizpiderekin) Frantziako banderaren kolorez margotu ditu tren geltokiak (Parisen hildakoekin elkartasunez, noski; ez pentsa Europatik urrunagokoekin gogoratu direnik kasu honetan).

Gehiago kostatu egiten zaigu, etxean gertatzen diren injustiziak hurbilekoekin lantzea, are gehiago, horien biktimak diren emakume-gizonak, ETAko kideak izan badira.

Artikulu honetan, Alvaro Arri Pascual “Muni”ren kontra burutzen ari diren ekintza bidegabe eta biolentoak salatu nahi ditut. Herrikidea dudalako, amets berdinen atzetik borrokatzen dugulako; baina, batez ere, ondoan ditudan bidegabekeriak seinalatzea, herritarren oinarrizko betebehartzat dudalako.

Historia apurtxo bat egitea besterik ez da behar, Alvarok (eta bere ingurukoek) Frantziar zein Espainiar Estatuen indarkeria pairatu izan eta, orain inoiz baino gehiago, pairatzen dutela ikusteko. 1995eko azaroaren 23an atxilotu zuten; 20 urte egin berri ditu espetxean. Bere kontra burututako epaiketetan, 270 urteko espetxe zigorra ezarri diote; horietatik 10, Frantzian bete beharrekoak. Ez pentsa tamainako zigorra ezartzeko ehunaka froga bildu eta txosten aurkeztu zituela poliziak; hirugarren batek torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta zigortu zuten 2 epaiketetan. Gainera, kode penal zaharrarekin epaitu zuten, horren arabera, erredentzioak dagozkio. Besteak beste, ikasteagatik lortzen dituzte presoek erredentzioak; Munik informatika ikasketak hasi eta amaitu ditu espetxean eta enpresa zuzendaritza eta frantsesa ikasten dabil egun. Ez zaio erredentziorik sekula aplikatu.

 20 urte hauetan, familia eta hurbilekoek (inongo deliturengatik zigorturik ez daudenak), milioika kilometro egin behar izan dituzte Muni ikusteko. Bederatzi espetxe ezberdin ezagutu ditu Munik (3 Frantzian eta 6 Espainian), leku aldaketa horrek guztiek suposatzen duten kalte emozional eta fisikoekin (ez dakizuenontzat, lekualdaketetan presoak jipoitzea ohiko kirola da Espainiako borreroen artean).

Alcala-Meco-ko espetxean 3 urte eman zituen isolatuta, horrek suposatzen duen kalte psikologikoarekin. 1go graduan eman du espetxealdi guztia, presoei jarri ahal zaizkien muga eta oztopo guztiak gorenera eramanez.

Europako Legediaren arabera, Frantzian betetako urteak Espainiako kondenara akumulatu behar litzaizkioke; horren arabera, Muni Algortako kaleak berrezagutzen egon beharko litzateke pare bat hilabeteren bueltan. Baina Espainia, Europar legedia urratzen ari da eta, horregatik, urteetan mantendu nahi dute espetxean.

Aipatutako guztia gutxi balitz, 2016an epaiketa berri bat egin nahi diote, ustez 1995ean egindako ekintza batengatik; 593 espetxe urte gehiago ezarri nahi dizkiote horretan. Hau da, orain dela 20 urte baino gehiago ustez egindako delitu bategatik epaitzeko, kalera atera beharko litzatekeen eguna arte itxaron dute.

Ipar poloan hiltzen dituzten fokek edo Ruandan gaizki tratatzen dituzten umeek, nire elkartasun guztia badute. Baina, nire denbora eta protesta oihurik sakonena Muniri eskaini nahi diot gaurkoan, inkoherentzia handitzat izan baitut beti hurbilekoari ezikusiarena eginda, urrunekoari begira jartzea. Aste honetan, Muniren egoera salatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Sorterrira taldeak; tartean, bihar, hileko ohiko zita den Azken Ostiral berezia egingo dute bere omenez. Zu ere ongi etorria izango zara ekitaldi horietan. Aste honetan ez duzu urrutira begiratu beharrik elkartasun keinurik egiteko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun