Joan bedi Iruñera, besarkada iraultzailez beteriko motxila handi pisutsu bat. Azken urte honek munduko txoko ezberdinak ezagutu eta dastatzeko aukera eman dit, baita praktika internazionalistaren garrantziaz jabetzeko aukera ere. Orain, inoiz baino gehiago, internazionalismoa beharrezkoa da. Orain, munduko kapitalismo globalak arma ezberdin baina helburu berdinekin jotzen gaituenean. Siriaz irakurri edo Kataluniaz entzuten dugunean, dirua eta inperioen (i)logikaren arabera mugitzen diren Estatuez ari garelako. Imajinario anitzak planteatzen dituzten kultur txikiez ezer entzun nahi ez dutenak, hizkuntzen musika bozgorailu erraldoiez isilarazi nahi dutenak, emakumeon gorputzak objektutzat dituztenak, eskubideak eskuin-bideak bihurtzen dituztenak, Askatasuna MCDonalds-en kanpainarako lelotzat ulertzen dutenak…
Askapenaren lanak inoiz baino zentzu handiagoa du 2016an; urrunekoak gurekin batera oihuka jarri eta guk euren doinuan bertsoak bota behar ditugunean. Zer esanik ez Gabi Basañez eta bere 4 kide internazionalistak bezalako militanteak. Ikusmira zabala eta besteen minak zure sentitzeak ematen duen humanotasuna duten emakume-gizonak behar ditugu Euskal Herrian zein mundu zabalean bizi dugun zoramen inperialista-kapitalista honetan gure Herri Libreak egi bihurtzeko.
Iruñea izango da oraingoan duintasunaren erreinu txikia (erregerik gabeko erreinu askea noski!). Motxila betez, atea zabalduz edo bakoitzari bururatzen zaion elkartasun keinua eginez, hurbildu ditzagun Uribe Kosta eta Nafarroako hiriburua datozen asteotan. Gora herrien arteko xamurtasuna!