Batzuk diote euskaldunok mundu sinboliko aberatsa dugula; sinboloek elikatzen dute gure imajinarioa eta sinboloengatik borrokatzeko joera handia dugu. Ikurrina, Amaiurko gaztelua, lauburua, Anbotoko Mari… eta Gernikako arbola! Bada, Algortarrok sinbolo berria izan dugu azken urteotan, herri honen gobernantzan Frankoren garaitik dagoen talde txit agurgarriari esker: Txiki Otaegi plazako (San Nikolas nahi duzuenentzat) garabia. Hain zen elegantea, hain liraina… 28 metroko eta 23 tonako jirafa erraldoia, ikurrinaren zuri-gorri-berdez jantzita gainera! Opari ederra plazaren erdian utzi zigutena. Bidezabal, Malakate edo Telletxeko jolas parkeek ez zuten zer eginik Garabi anderearen ondoan. Umeak liluratuta gelditzen ziren hari begira eta gurasoei galdetu ei zioten “Zeruan ere adreiluak jarri ahal ditu horrek?”. Ikusi dugu baietz, zerua ere adreiluz josteko gaitasuna duela, plazari itzala egiteraino. Eta orain, Garabi maiteak gure bihotzetan lekutxo bat zuenean, beste herriren batera eramateko ordua heldu dela erabaki dute Jeltzaleek. Bihozgabeak haiek! Norekin liluratuko dira orain herriko umeak? Aitortu behar dizuet nik ere behin baino gehiagotan amestu dudala Garabiarekin… amets erotikoak gainera! Antzokiari muxu ematen saiatzen zen horietako batean, baina hurbiltzerakoan, haize kolpe batek bultzatzen zuen eta Antzokiaren gainera erori egiten zen, bere maitalea goitik behera suntsituz. Batzuen ametsa, besteen amesgaiztoa… Makro-foko kalifragilistikoaren itzalarekin konformatu behar gara orain. Eta, bat batean, galdera bat etortzen zait burura: forma luze, faliko eta bertikala duten hainbeste elementu herriko plazan… ez gara baten-baten konplexuen biktima izaten ari?