Txakur torturatzailea!!!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2016ko ots. 25a, 12:46

Lehenik eta behin, argi gera dadila izenburukoa nire txakurrarentzako mezua dela, katuaren atzetik zirikatzen ibiltzen den lau hankako gizatasunik gabeko animalia horrentzat.

Hasteko argitzen dut badaezpada, dirudienez, berdez janzten den eta nire herriaren erdi-erdian zergak ordaindu gabe bizi den gizonen bateri zuzendutako mezua dela “frogatuz” gero, isuna jarriko didatelako, nire herriko "zaintzaileak" diren beste horien Erandioko kuarteletik helduko den isuna, portzierto.

Hori da, hain zuzen ere, Algortako hamarnaka gazteri gertatu zaiena. Beraien herriko kaleetan oihukatzeagatik, isunekin zigortu dituztela. Dirudienez, azken urteotan Guardia Zibilaren zaindari leialak diren Ertzaintzako kideek, frogatuta dute hor nonbait aipatutako gazteek “txakur torturatzaileak” edo “alde hemendik” bezalako esaldi arriskutsuak oihukatu zituztela Algortako Guardia Zibilaren etxearen aurrean. Gazteak ez dira sekula identifikatuak izan baina, dirudienez, Youtuben eskegitzeko moduko bideo ederrak dituzte (inork ikusi ez dituenak). Eta badirudi, Ertzaintzak, herrian gertatzen diren lapurretak zaintzeko gaitasunik ez baina espainiar Poliziaren zein legeen zaintzarako egunean 25 ordu dituenak, Mozal Legea deritzona baliatu duela gazteak zigortzeko. Lege horren arabera, barrenean duzun irrintzi hori askatzeak, automatikoki, zigorra suposatzen du.

Artikulu hau salaketa politikoa egiteko bokazioz jaioa dela pentsatu duzuenak, oker zaudete. Kontakizun literarioa da. Izan ere, aspaldi arduratuta nauka nire herri erdi-erdian dagoen eta zergak ordaintzen ez dituen gizon-emakume talde horrek. Behin, inguruko auzokideek kontatu zidaten, askotan, gaizki aparkatu egiten dutela, baina udaltzainek ez omen dietela isunik jartzen. Antza, berdez jantzita joateagatik, “etxebizitza sozialerako” eskubidea dute denek; izan ere, Estatuak, Jaurlaritza eta Udalaren oniritziarekin, doako etxebizitza jarri die herri erdi-erdian. Hori jakinda, langabezian dagoen lagun bateri aholkatu nion berdez jantzi eta udaletxera hurbildu zedila etxebizitza eske; esku hutsik bidali zuten gurasoen etxera bueltan, Getxon alokairuzko etxebizitza sozialik ez zegoela argituz (are gutxiago doakoa). Orain hilabete, lapurrak sartu ziren gure etxean; herri erdi-erdiko gizon berdeen etxera deitu nuen laguntza eske, diotenez “segurtasunean” laguntzen dutelako. Beraiek horrelakorik egiten ez zutela erantzun zidaten.

Nire herriko droga-merkatari lagun batek, azaldu zidan behin, gizon berdeen artean dituela bezero leialenak; nik harrituta, beldurrik ez ote zuen galdetu nion, batez ere, armaz josita ibiltzen direlako eta, “segurtasun indarrak” izanda droga trafikoaren kontrako lanean dihardutelako. Barrez lehertu zen nire laguna.

Norbaitek azaldu ahal dit orduan ze demontre egiten duten berdez jantzitako horiek herriaren erdi-erdian? Uste dut, oihuka joan ziren gazte horiek, badakitela zertan diharduten; hortik irrintziak. Bakarrik oihukatzen utziko ditugu? 

Azken mezua, nire txakurtxoarentzat berriz ere: alde hemendik torturatzaile nazkagarri hori!!!!!!!! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun