Ipurtzulotik eta alutik sartutako pistolak, zure ama edo bikotea hiltzeko mehatxuak, itotzen zaituen poltsak, barrabiletan emandako kolpeak, baimen barik ukitutako titiak... Torturaz ari naiz; baita, laster epaitua izango den Erika Bilbao leioaztarraz eta hori sufritzen duten dozenaka uribekostarrez. Bai, sufritzen duten. Tortura ez delako 5 egunez pairatzen den indarkeria basatia, betiko gainean eramaten ikasi behar den motxila baizik.
Herri honetako ordezkari politiko gehienek, ondoko premisan sustengatzen dute euren morala: indarkeria gaitzesten ez baduzu, horren bultzatzaile eta parte zara (nahiz eta ekintza biolentoetan zuzeneko parte-hartzerik izan ez). Ideia horri jarraituz, ehunaka dira Euskal Herrian eta, etxera etorriz, Uribe Kostan, polizia-etxeetan, diru publikoz ordaindutako soldatapeko langileek praktikatzen duten biolentzia armatuaren kolaboratzaile-defendatzaile direnak. Bestela ulertezina da ikustea Iruñerrian gertatutakoaren inguruan zein ahots gutxi altxa diren; baita, Uribe Kostan bertan, torturaren aurkako irudi bat egin eta Ertzaintza hurbiltzea isunen bitartez Espainiar legea betearazteko.
(HIRUKA 57. zenbakian argitaratua)