Iritzia 2016-11-29 12:30

Kirol Portua ala Indabada, aukera politikoa:

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran

(Paperezko edizioan, 77. zenbakian argitaratua)

Oinarrizko beharrak asetzeko ere baimena eskatu behar dugula irakatsi digute txikitatik. Herri baten oinarrizko beharra da aisialdia eta, gure gizartean (gainerakoetan bezala), politikarekin nahastuta doa beti. Beti. Izan aisi eskaintza autogestionatu edo herrikoiak aukeratzen ditugulako, izan, merkatuak saltzen dizkigun aisi aukerak nahiago ditugulako. Kirol Portura joatea ala Gaztetxeko Indabadara, aukera politikoak dira biak. Politika, ogia non erosten dugun ere badelako.

Ohitura bihurtzen ari da Algortako plazan 17 urtez ospatu den Indabadari Udalak egiten dion jazarpena. Azken urteotan 600 euroko isunak jarri dizkio; aurten, haratago joan eta zenbait gazteri lonjara jarraitu, mugikorrera mezu mehatxagarriak bidali eta enpresa pribatuetara datu pertsonal eske deika ibili da. Alkatearen argumentu bakarra: herriko plaza erabiltzeko baimena eskatzea gutxieneko baldintza dela. Ados, herriko plazak herritar guztiontzako gune publikoak baldin badira. Baina, horrela al da Getxon? Alkateak baimena eskatzen al die herritarrei plaza erabiltzeko? Elkarteekin adosten al du Jazz, Folk, Blues eta plazak okupatzen dituzten bestelako udal ekimenak noiz egin? Karpa erraldoiek plazak noiz estali behar dituzten adosten al du? Baimena eman al dio herritarren batek Txiki Otaegi plazan tamainako astakeria urbanistiko-soziala egiteko? Osoko Bilkuran ondoko erantzuna entzuten da maiz: 13.600 bozkek eman digute baimena. Horren aurrean, erantzun erraz asko daude, 66.000 getxoztarrek baimenik eman ez dutela, besteak beste. Argi dago, atzean Udalaren botere eremutik ihes egiten duen aisialdi eredu baten kontrako jarrera dagoela, ez besterik. Politika, beste behin ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa