Eraso terrorista Uribe Kostan

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Nerekan Umaran 2017ko urr. 10a, 10:48

Gora Uribe Kostako merkatari-txiki gudariak!

Komunikabideetan agertu ez den eraso terrorista sufritu dugu uribekostarrok. Ehunka kotxe erabili dituzte erasorako. Hamarnaka immolazio. Jendea zapaltzeaz gain, etxeak, zuhaitzak eta ondare historikoa hil dute; umeak, emakumeak… erruki barik! Bonba kimikoak ere bota dituzte, datozen urteetan minbizi tasa biderkatu dezaketenak. Hizkuntza eskubideak ere, inurriak lez zapalduta (trafiko seinaleak espainolez bakarrik?!); zer esanik ez lan baldintza duinez.Bitxia da kasua.

Azken urteotan ohikoa izan da, tamainako eraso terrorista eta gero, komunikabideak gau eta egun (des)informatzen entzutea: atxilotuak non, erasotzailearen auzokoaren irudiak, lehengusuaren deklarazioak… ezer gutxi axola izan zaie informazioa azkarregi ematea; fobiak sorraraztea ere ez. Baina honetan, informaziorik ez. Ez bada eraso terroristarekin bat eginez ikusi ditugun Berangoko Udalaren bandoak (Alkateak Burger King eta Decathlonentzat ETT lana egin du). Milaka biktima egon (eta egongo) badira ere.

Goian Bego herriko jaietan herri-krosak antolatzeaz arduratzen den merkatari jatorra; Goian Bego gure herri-ekonomia; Goian Bego Burdin Hesiaren lubakiak; Goian Bego milaka langileren duintasuna; Goian Bego Uribe Kostako umeen osasuna; Goian Bego arnas garbia…

Poliziaren batek lerrook irakurriz gero (Kataluniatik itzuli badira) susmagarriak egin zaizkidan datu batzuk hemen: Landaida gunean izan da erasoa, Landa Andereak zuzentzen duen herrian, ondoko herriko Landa alkatea kolaboratzaile... Estatu Landamiko taldea ote dago gertaeren atzean? Eraso terrorista honen kolaboratzaile izan nahi ez duenak, badaki hurrengo hanburgesa non jan behar ez duen eta hurrengo txandala non ez erosi. Gora Uribe Kostako merkatari-txiki gudariak!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun