Banago, oraindik testu liburuetan agertzen ez den ideologia politiko baten atarian gaudela: "Berritismoa". Sistema honek jarraitzaile asko ditu, kontzienteak ez badira ere. "Berritismoaren" oinarri ideologikoa hau da: berria den dena ona da bere horretan, berria izate hutsagatik. Kapitalismoaren estrategia den ideologia hori munduko bazter denetan hedatu da. Beste askoren artean, nire herriko agintariek, beren oinarri ideologiko historikoak (baten batek gogoratzen du zeintzuk diren?) alde batera utzi eta muturreko "berritismora" batu dira. Ikustea besterik ez dago Antzokia edo Kultur Etxearekin egin dutena edo Romoko Nagusien Etxearekin egin nahi dutena (eutsi tinko erromotarrak!). Eraikin berriak egiteagaz itsutzen dira, horrek kalte sozial larriak eragiten baditu ere. Abertzaletasuna ezkerretik ulertzen dugunok ere, "berritismoak" gaixoturik ibili gara azken boladan, kontzeptu berriak asmatzeraino (dekantazio independentista!?).
Berria dena ez da hobea bere horretan. Txikitako ikasgaia da hori. Urtebetetzean praka berria oparian jaso, baina jaietarako zaharra erabiltzen jarraitu urteetan. Auto berria erosi eta errepide erdian geratu handik gutxira. Puntako telefono berria atera eta eztanda egiten duela entzun telebistan. Etxe berrira aldatu eta zaharraren goxotasunaren falta izan.
Horregatik, HIRUKA betikoa eta gehiago delako zorionduko dut. HIRUKA 2.0 uribekostarrok dugun altxorra da; baina ez berritua datorrelako, herri-kohesioan, hurbileko informazioan eta euskararen normalizazioan sinesten dugunontzat ezinbesteko tresna delako baizik.
(HIRUKA 114. zenbakian, paperean argitaratua)